Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

EAJk helburutzat jarri du garraio azpiegiturak Jaurlaritzari eskualdatzea

Legardaren esanetan, transferentzien xedea da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «garraio sistema integratu bat» osatzea, Europara begira

Mikel Legarda, kanpainako ekitaldian, atzo. EAJ.
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzia gauzatzea da EAJren hauteskunde programako ardatzetako bat, eta horien artean indar berezia egin dute garraio azpiegiturei dagozkiena lortzeko. «Azpimarra egingo dugu Euskadira eskualdatzeko azpiegitura talde hau, Euskadik garraio sistema integratu bat izan dezan», adierazi du Espainiako Kongresurako EAJren Arabako zerrendaburu Mikel Legardak.

Legardaren esanetan, «inoiz baino erronka gehiago» daude mahai gainean, nagusietako batzuk izanik eraldaketa teknologiko eta digitala, gizarte kohesioa eta eraldaketa energetikoa. Horri erantzuteko, beharrezkotzat jo du «ahots propio» bat izatea: «Arabatik eta Euskaditik egin behar dira, eta Europan integratzearen aldeko apustu batekin».

Haren hitzetan, ez dago garapen ekonomikorik edo gizarte integraziorik ez badira sustatzen «kate logistikoak, merkantzien eta pertsonen mugikortasuna, lurralde arteko konexioak, eta jarduera ekonomikoaren eta industria sektorearen garapena», eta horretarako beharrezkoa da «euskal sektore ekonomikoaren eta herritarren beharrei» erantzungo dien garraio azpiegitura bat. Gainera, sistema hori «Europako korridore atlantikoko komunikazio eta konektibitaterako» funtsezko katebegi bat izatea nahi dute. «Posizio estrategikoa», Legardaren esanetan.

Jeltzaleak nabarmendu du ezinbestekoa dela «gertuen» dauden erakundeek hartzea kudeaketa lan horiek: «Horiek dira diseinua egiteko, garatzeko eta kudeatzeko ahalmen osoa izan behar dutenak».

Horiek hala, Legardak azken urteetan egindako eskumen aldaketetan egin du indar. Tren azpiegituretan egindako inbertsioak nabarmendu ditu, Arabako zenbait geltokitan egindako lanei erreparatuta, eta azaldu du EAJ lanean aritu dela Agurain, Gasteiz eta Erriberabeitia arteko zerbitzuen transferentzia gauzatzeko ere: «Espero dugu hurrengo legealdian egitea; borroka egingo dugu errealitate bat izan dadin».

Abiadura handiko trenaren Gasteizko geltokiaz, berriz, adierazi du Arabako hiriburua «eraldatzeko» balioko duela, eta tren hori PSOEk eta PPk «Arabarekin eta Euskadirekin duten zor historiko bat» dela. «Ari gara, baina ez nahiko genukeen erritmoan».

Forondako aireportua izan du hizpide Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, eta adierazi du EAJ eta euskal erakundeak izan direla haren aldeko «apustu sendoa» egin dutenak: «EAJ izan zen Foronda berriz zabaltzea lortu zuena, Alderdi Popularraren arduragabekeriagatik aireportua hiltzen utzi zenean». Halere, nabarmendu du konexio kopurua areagotu beharra dagoela, eta gehitu lan egingo dutela Madrilek onar dezan etorkizunean beste terminal bat eraikitzea.

Almudena Otaola Senaturako hautagaiak urrats bat gehiago egin du, eta gehitu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aireportuen gaineko eskumena eskualdatzeko lan egingo dutela. Era berean, azaldu du AHTa «albait arinen» amaitzea dutela xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.