EAJk Ibone Bengoetxea proposatu du Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko

Elixabete Etxanobe egungo ahalduna ordezkatuko du hautagai gisa maiatzeko hauteskundeetan. Ana Otadui izango da, beste behin, jeltzaleen hautagaia Batzar Nagusietako presidente izateko.

Ibone Bengoetxea eta Elixabete Etxanobe, aurten elkarrekin eginiko agerraldi publiko batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibone Bengoetxea eta Elixabete Etxanobe, aurten elkarrekin eginiko agerraldi publiko batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko urriaren 8a
17:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaketa haizeak dabiltza Bizkaiko EAJn, bai behintzat maiatzeko foru eta udal hauteskundeetara begira. Bizkai Buru Batzarrak Ibone Bengoetxea proposatu du Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko. Egun Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua da, eta, ezusterik ezean, Elixabete Etxanobe egungo ahaldun nagusia ordezkatuko du hautagai gisa.

Ezusteko aldaketa da, Etxanobek lau urte baino ez dituelako egin karguan, eta aurretik ahaldun nagusi izandako bere azken alderdikideek bi legegintzaldi egin zituztelako gutxienez. Hedabideetan ez da zabaldu horren inguruko zurrumurrurik, eta EAJk ez du aldaketaren inguruko azalpenik eman erabakiaren berri emateko zabalduriko oharrean.

Bengoetxea ibilbide luzeko politikaria da: Jaurlaritzako egungo ardurez gain, aurretik Bilboko alkateorde izan zen, eta Bizkaiko Aldundia ere ezagutzen du. Herri Administrazioko eta Erakunde Harremanetarako diputatu izan zen 2015etik 2021era.

Orain, EAJko Bizkaiko oinarriek berretsi behar dute haren hautagaitza, urritik aurrera hasiko diren bozketetan. Onartua izanez gero, lurraldeko bigarren hautagai aldaketa esanguratsua litzateke, dagoeneko jakina baita Mikel Hidalgok ordezkatuko duela Juan Mari Aburto Bilboko alkate izateko lehian.

Bengoetxea hautagai gisa aurkeztuta, argitzen ari da Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaien lehia. EH Bilduren oinarriek jada baieztatu zuten Iker Casanova izango dela koalizioaren zerrendaburua. PSE-EEk, berriz, Teresa Laespada aurkeztu du ahaldungai nagusirako. Oposizioko burua da lehena, eta ahaldunorde nagusia eta Enplegu Lurralde Kohesio eta Berdintasun diputatua bigarrena. PP alderdia, berriz, aldaketa betean da EAEn, eta oraindik ez du hautagairik aurkeztu, eta Ahal Dugu-n Richar Vaquero alderdiko buruak ahaldungai nagusi izateko asmoa azaldu du. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagaia ere erabaki du EAJk, eta berriz ere egingo du Ana Otaduiren alde. 2015etik dago karguan, eta, hautatua izanez gero, laugarren legegintzaldia egingo luke Bizkaiko ganberako buru.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA