Euskobarometroa

EAJk irabaziko lituzke bozak, eta egungo koalizio gobernua indartua irtengo litzateke

Hauteskundeak orain egingo balira, gehiengo absolutua gaindituko luke jeltzale eta sozialisten arteko aliantzak. EAJk botoen %40 eskuratuko lituzke, eta EH Bildu litzateke bigarren indarra, botoen %23rekin.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Joseba Egibar legbiltzarkidea, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko uztailaren 26a
09:46
Entzun

Jeltzaleen onerako litzateke Eusko Legebiltzarrerako bozak gaur bertan egitea, izan ere, Euskobarometroaren arabera, bi eserleku gehiago, 30 eta botoen %40 lortuko lituzkete. Horrez gain, parlamentuan gehiengo osoa eskuratu ahalko lukete bai sozialistekin eta baita EH Bildurekin koalizio gobernu bat osatuta.

EAJ ez ezik, PSE-EEk ere egun baino bost legebiltzarkide gehiago eta botoen %18 lortuko lituzke. Hala, jeltzale eta sozialisten arteko koalizio gobernua bera ere indartuta aterako litzateke, eta gehiengo absolutua gaindituko luke. Dena den, Parlamentuko bigarren indarra izaten jarraituko luke EH Bilduk egun baino eserleku bat gehiagorekin —hemeretzi izango lituzke—, eta botoen %23rekin.

Maiatzaren 28a eta ekainaren 19a bitartean egin du inkesta EHUko Zientzia Politikoetarako Departamenduak. Haren arabera, Elkarekin Podemos eta PPren kalterako litzateke bozak orain egitea. Izan ere, 11 legebiltzarkide izatetik sei izatera igaroko litzateke lehena, botoen %9,6 eskuratuta, eta hiru legebiltzarkide galduko lituzke Alderdi Popularrak.  Ciudadanos eta Vox, berriz, Parlamentutik kanpo geratuko lirateke.

Parte hartzeari dagokionez %65 inguruko litzateke, eta nabarmentzekoa da galdekatutako 1.200 pertsonen artean gehienek —%80 inguru— argi dutela nori eman botoa, eta soilik %15 inguru liratekeela zalantzan leudekeen hautesleak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.