Arabako Foru Aldundiaren inkestaren arabera, EAJk irabaziko du Araban

Arabako barometroaren arabera, jeltzaleek hamazazpi batzarkide aterako dituzte Arabako foru hauteskundeetan, orain baino bi gehiago, eta EH Bilduk, berriz, hamabost, egun baino bat gehiago. PSE-EEk bi batzarkide galduko ditu.

2023ko foru hauteskundeen kartelak. MIGUEL TOÑA / EFE
2023ko foru hauteskundeen kartelak. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2026ko ekainaren 11
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak eskatuta Gizaker enpresak egindako inkestan islatu da EAJk irabaziko dituela 2027ko foru hauteskundeak, eta bi batzarkide gehiago lortuko dituela, hamazazpi, alegia. Inkesta horretan, halaber, aurreikusten da EH Bilduk gora egingo duela, eta bigarren indar gisa kokatzen da koalizio subiranista, hamabost batzarkiderekin, hau da, orain baino bat gehiagorekin. Inkestetan islatutakoa betetzen bada, PP eta PSE-EE lehian ibiliko dira hirugarren eta laugarren lekuan; eskuindarrek bederatzi batzarkide izango dituzte, Arabako barometroaren arabera, eta sozialistek zazpi eta bederatzi artean. Gainera, aurreikuspenak betez gero, Elkarrekin Ahal Dugu-k egun dituen hiru eserlekuak galduko ditu urtebete barruko bozetan; Voxek eserleku bat gehiago lortuko du Arabako Batzar Nagusietan, denera bi, eta Sumarrek bat.

Maiatzaren 15aren eta 20aren artean 1.200 telefono elkarrizketa eginda osatu dute Arabako Foru Aldundiak eskatutako inkesta. Horren arabera, EAJk botoen %29,4 lortuko ditu, orain baino ia hiru puntu gehiago, eta EH Bilduk, berriz, botoen %28, ia bost puntu gora eginda. Estimazio hori ez dator bat Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak kaleratu berri duen Soziometroarekin. Hartan, aurreikusi dute Araban berdinketa teknikoa izango dela jeltzaleen eta bilkideen artean. EAJk botoen %28,5 izango ditu, Soziometroaren arabera, eta EH Bilduk, berriz, %28,2.

Ahal Dugu-ren deskalabrua

Barometroaren datuekin jarraituz, inkesta horretan zehaztutakoa betez gero, PPk botoen %15,5 izango ditu urtebete barruko bozetan, eta PSE-EEk botoen %15,4. Lehenak ia bi puntu galduko ditu, galdeketaren emaitzen arabera, eta bigarrenak, hiru baino gehiago. Bestalde, deigarria da Voxen igoera: kalkulatu dute %3,1etik %4,5era egingo duela gora. Sumar lehen aldiz lehiatuko da Arabako foru hauteskundeetan, eta, iragarritakoaren arabera, botoen %3,3 aterako ditu, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k, berriz, deskalabru handia izango du, kalkulatu baitute %7,1etik %1,9ra jaitsiko dela. Azkenean halaxe gertatzen bada, Arabako Batzar Nagusietatik at geratuko da.

Horiek horrela, inkestan aurreikusi dute EH Bilduren goraldia ez litzatekeela bozak irabazteko adinakoa. Emaitzen arabera, EAJk bi batzarkide gehiago izango ditu, hau da, PSE-EEk galduko dituenak bezainbeste, eta EH Bilduk batzarkide bat gehiago baizik ez du lortuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA