EAJk 'nazionalista' izateari utziko dio Ipar Euskal Herrian

'Le Parti Basque' izanen da alderdiaren frantsesezko izena hemendik aitzina. Helburutzat dute Ipar Euskal Herrian presentzia indartzea.

EAJren prentsaurrekoa, Bidarten. GUILLAUME FAUVEAU
EAJren prentsaurrekoa, Bidarten. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Bidarte
2026ko ekainaren 12a
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Begiratu zer egiten dugun, ez nola izena dugun». Desio hori plazaratu du Aitor Esteban EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Bidarten (Lapurdi) egin duten agerraldian. Alderdiak Ipar Euskal Herrian izanen duen marka berria aurkeztu dute. Euskaraz jatorrizko izena atxikiko du, Euzko Alderdi Jeltzalea, baina frantsesez nazionalista hitza kentzea erabaki dute. Orain arte Parti Nationaliste Basque zena Le Parti Basque izanen da hemendik aitzina. Baina baieztatu dute orain arteko balio abertzale berak atxikiko dituela alderdiak. «Ez da bakarrik itxura aldaketa bat; gehiago eragiteko helburua dugu. Jendeak alderdia ezagutzea gura dugu», erran du Estebanek. 

Ipar Euskal Herritik egin zuten izena aldatzeko eskaera, eta EAJren Aberri Batzarrak ontzat eman zuen. Nazionalista hitzak frantsesez duen konnotazioa baztertzea da xede nagusia, Estebanen hitzetan. «Maurras, Petain eta eskuin muturrarekin lotua da Frantzian. Euskal nazionalismoak ez du zerikusirik horrekin guziarekin», zehaztu du. EAJ «askapen mugimendu demokratikoa» dela erran du, frankismoaren kontra borrokatu zena, eta eskubide kolektibo eta indibidualak defendatzen dituena. 

Halaber, EAJren nazio ikuspegia defendatu du Estebanek: «Herri bakarra gara, eta hizkuntza bakarra dugu: euskara. Eta alderdiaren izena lehengo bera izanen da, Sabino Aranak hautatu zuen: Euzko Alderdi Jeltzalea». Hala ere, aitortu du hegoaldetik «jaramon gutxiegi» egin izan diotela Ipar Euskal Herriari, eta hori «aldatu» behar dela; indar handiagoa emateko borondatea agertu du. Izan ere, hautetsi kopuruan ahul izanik ere, alderdia «gorantz» doala ikusten du Estebanek. «Gure siglekin aurkeztu garenean, gorantz egin dugu botoetan». Hala, baieztatu du «erabakigarriak» izan direla behin baino gehiagotan, bai Peio Dufau EH Baiko diputatua hautatua izateko, bai Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izendatzeko ere. «Herrietako hauteskundeak oso pertsonalak dira; ez dira bidea gure indarra neurtzeko».

Pantxoa Bimboire Ipar Buru Batzarreko buruzagiak gaineratu du ekonomia arloan pisu berezia dutela jeltzaleek, hala nola Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan. Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) auzapez eta elkargoko lehendakariordearen hitzetan, «influentzia» dute, «ideologikoki eta erabakietan». Ipar Euskal Herrian «lidergoa indartzeko» parada ikusten dio alderdiari. 

«EAJ metodoa»

Etxeleku da gaur egun EAJk Ipar Euskal Herrian duen hautetsi nagusia, eta baita aurpegi publiko bakarrenetakoa ere. Kanbon eta elkargoan dituen karguak alderdia ezagutarazteko baliagarri izan daitezkeela espero dute jeltzaleek. Kanbon orain arte izandako esperientzia hizpide, «EAJ metodoa» nabarmendu nahi izan du Etxelekuk. Bat bestearen ondotik aipatu ditu «engaiamendu kulturala», «euskalduntasun inklusiboa», «gobernantza parte hartzailea»... Jendearengandik «hurbil» izateko xedea, finean. «Hori da Ipar Euskal Herriko biztanleei eman nahi diegun mezua: herri hau zuena da, eta euskotar guzien alderdia izan nahi dugu».

Elkargoan ere «erabakigarri» izateko borondatea dutela erran du Etxelekuk. Hala izan zen Iriart lehendakari hautatzeko prozesuan bere hautagaitza erretiratu zuenean, eta Ekonomia Sailaren ardura harturik ere hala izanen dela espero du, «nahiz eta lehendakaritzaorde partekatua izan». Ekonomia «funtsezko» gaia dela erran du, eta lehentasun gisara eman du mugaz gaindiko partaidetzak lantzea, «enpresen, ganberen eta klusterren artean».

Gracianne Mirande Bec-en hitzetan, XXI. mendeko abertzaletasuna da EAJk proposatzen duena. «Hemen bizitzeko aukera ematen diguna, enplegua, etxebizitza eta familia lortzeko aukera ematen diguna». 

Ipar Euskal Herrian duten sustraitzearen «erakusgarri», batzokia estreinatuko dute ostiral honetan Donibane Garazin.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE