Politika

EAJk, PSEk eta Elkarrekin-ek akordioa lortu dute Gasteizko Udaleko aurrekontuetan

Gorka Urtaranek esan du akordioak «aro berria» irekiko duela Gasteizen.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2019ko abenduaren 16a
15:12
Entzun

EAJk eta PSEk akordioa lortu dute Elkarrekin taldearekin Gasteizko Udaleko 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak gaur goizean eman dute akordioaren berri, prentsaurreko banatan. EAJk eta PSEk ez dute gehiengoa Gasteizko Udalean, eta, gutxienez, beste talde baten abstentzioa behar dute aurrekontuak onartzeko. EAJk zazpi zinegotzi ditu, eta PSEk, sei; beraz, zinegotzi baten falta dute gehiengoa izateko. Elkarrekin taldeak hiru zinegotzi ditu —Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiek osatzen dute taldea— eta hirurak abstenitu egingo dira bozketan.

Gasteizko gobernuak azken bi urteotako aurrekontuak luzatu behar izan zituen, babes faltagatik. 2018ko eta 2019ko aurrekontuak luzatu ondotik, 2020koak aurrera atera ahal izango ditu Gorka Urtaran jeltzaleak, Elkarrekin taldearekin lortutako akordioari esker. Datorren urteko aurrekontu proiektua 392,6 milioi eurokoa da, eta Elkarrekin-en 34 zuzenketa bilduko ditu, 3 milioi euro ingurukoak. Etzi hasiko dira zuzenketak eztabaidatzen, eta ostiralean onartuko dira aurrekontuak.

Urtaran pozik agertu da lortutako akordioarekin, eta nabarmendu du«aro berri bat» irekiko dela hirian. «Indar batasun horrek gehiengoa izateko modua ematen digu, ezinbestekoa baita hiriak datorren urterako aurrekontua izatea. Garai berri baterako akordioa da».  Haren esanetan, aurrekontu akordioaren lehentasuna ekonomia, gizarte eta ingurumen garapena, eta berdintasun politikak dira.

Bestalde, Oscar Fernandez Elkarrekin taldeko eledunak azaldu du bere taldeak «konpromiso soziala» duela eta gasteiztarrek «ezberdinen arteko akordioak» eskatzen dituztela. «Erantzukizunagatik» abstenituko da Elkarrekin taldea aurrekontuen bozketan, Fernandezen esanetan. Udal Gobernuarekin hitzartutako zuzenketekin, besteak beste, trantsizio ekologikoari, politika feministei, gizarte berdintasunari eta gazteriaren aldeko politikei lehentasuna emango dietela azaldu du taldeko eledunak.

EH Bilduren kritika

Bestalde, EH Bilduk EAJri eta PSEri egotzi die oposizioari «ezkutatutako» diru sarrera berriekin «gizendu» izana udal aurrekontua. «EAJk eta PSEk udal aurrekontuaren proiektuari aurkeztutako zuzenketek milioi bat euro inguruko igoera jasotzen dute gastu osoan», dio EH Bilduren oharrak. Funtsean, EH Bilduk salatu du ondasun higiezinen gaineko zergaren eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren diru sarreretan oinarritzen dela 800.000 eurotik gorako hazkundea, bai eta bide garbiketako zerbitzuaren kontratuaren gastu murrizketan ere. EH Bilduk zuzenketa epe berri bat irekitzeko galdegingo du Bozeramaileen Batzordean, udal talde guztiek aukera izan dezaten gobernuak erabiltzen duen diru sarreren aurreikuspen berria txertatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.