Udalbiltza. Batzar orokorra

EAJk utzia du Udalbide, eta ez dauka asmorik Udalbiltzan aritzeko

Udalen arloan Eudel EAEko elkartea da jeltzaleen erreferentziazko instituzioa.Udalbiltzak dio EAJko hautetsiekin lan egiteko bideak jorratuko dituela.«Sorrerako printzipioek orain ere balio dute»

enekoitz esnaola
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Udalbiltzak berriki ere aitortu du partaidetza aldetik «gabeziak» dauzkala «oraindik», EAJko hautetsiak ez dituelako kide. «Gabezia nabarmena da EAJk utzitakoa», zioten irailaren 17an, Bilbon, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordeak. «Gabezia» horrekin segituko dute. Izan ere, EAJren EBBko iturriek BERRIAri azaldu diote «baztertua» dutela Udalbiltzan parte hartzea, egun ez baitute hura erreferentzia erakundetzat jotzen alor instituzionalean. EBBko iturriek baieztatu dute EAJk «utzia» duela Udalbide. Udal mailan Eudel EAEko elkartea da EAJrentzat erreferentziazko instituzioa; hura indartzeko neurriak hartu ditu azken urtean.

1999ko irailaren 18an sortuzuten Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra, EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako 1.778 hautetsik—zazpi lurraldeetako 354 udalerritakoek—, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldi batean. Lizarra-Garazi akordioaren garaiak ziren. Hura hautsi zenean zatitu egin zen Udalbiltza, eta 2001etik aurrera bi adar izan zituen: EAJko (eta lehen EAko) hautetsien Udalbiltza-Udalbide, batetik, eta ezker abertzalekoen Udalbiltza, bestetik.

Udalbideko zuzendaritzakide Ramuntxo Camblongek (EAJ) joan den apirilean kazeta honetan jakinarazi zuen «Udalbide hila edo, bederen lo» zela. «Alderdiburuek nahi baitute gelditzea. Ongi litzateke aurrera eramatea, baina estrategia berri bat bada». Maria Eugenia Arrizabalaga Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari eta EAJren GBBko kideak zioen ez zutela «ezer esateko». Udalbideko zuzendari ohi Jose Luis Mendozak, berriz, adierazi zuen «mesfidantzak» utzi eta «Udalbiltza bakarra» beharko litzatekeela.

Udalbiltzak aitortu du Udalbidek «gauza on asko» egin zituela; hark hasitako egitasmo batzuk eredu ditu bere jardueran.

10 urteko garai gogor baten ostean —2003an operazioa, 2010ean epaiketa—, Udalbiltzak iazko martxoan egin zuen «berrantolaketarako» batzarra, Donostian, 1.257 hautetsiren babesarekin. EAJko bakarra zen zerrendan:Lapurdiko bat, bere kabuz emanda izena. Orduan Mertxe Aizpuruak emandako elkarrizketetan azaldu zuen euren «bokazioa» dela «Euskal Herria nazio bat dela pentsatzen duten hautetsi guztiei lekua» egitea. Azkenekodatuen arabera 1.424 udalbiltzakide dauden arren, ez dute lortu EAJko hautetsi gehiago biltzea. Geroa Bai-ren izenean ez dago inor —EAJ hango parte da—. Horregatik «gabezia nabarmena».

EAJk Eudel du «abiapuntu»

Udalbiltzaren berrantolaketa zela-eta egun haietan Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak hedabideetan Eudel EAEko udalen elkartearen aldeko apustua egin zuen: «Udalbitza bat sortu zen [1999an], eta guk parte hartu genuen. Haren ibilbidea bere onetik irten zenean bertan behera gelditu zen guretzat, eta ulertzen ez duguna da Udalbiltzaren aldeko apustua alderdi politiko batzuek egitea —Sortuk eta EH Bilduk—, eta Eudel, esate baterako, aintzat ez hartzea. Etorkizunean gure asmoa da Eudelen segitzea, indartzea, eta guretzat, Eudel da abiapuntu, gero beste gauza batzuk egiteko herrialde osorako».

Joan den urteko maiatzaren 10ean Udalbiltzak, berak eskatuta, bilera bat egin zuen Eudelekin, haren egoitzan, Bilbon. Aurkezpen bilkura bat zen, baina hedabideei iragarri gabekoa. Ibone Bengoetxea Eudeleko presidente eta Bilboko alkateordeak (EAJ) bi aste eta erdira jakinarazi zuen bilera izan zela. «Biek ikusi dute erakunde desberdinak direla».

Berehala —maiatzaren 30ean—, ebazpen esanguratsu bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE, PP eta UPDrekin botoekin: Jaurlaritzari eta erkidegoko hiru aldundiei eskatu zieten udal arloko gaietan Eudel «solaskide lehentasunezko, zilegi, baliagarri eta eraginkor gisa» hartzeko. PSEk egin zuen legez besteko proposamena. Udalbiltzari ez zitzaion ebazpena gustatu, eta «errespetua» exijitu zuen Donostian emandako prentsaurreko batean. Bide batez, «Euskal Herria aintzat» hartzen duen tokiko hautetsi orori proiektura batzeko eskaera egin zion berriro.

Jokin Bildarratz Eudeleko presidente ohi (2007-2011) eta EAJko senatariak iazko apirilean adierazi zuen bi udal erakundeak «osagarriak» direla iruditzen zaiola. Aurretik —2011ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako absoluzio epaia eman berritan —, eta artean Eudeleko presidente zela, Espainiako eta Frantziako estatuetan banatuta dauden euskal udalak «nortasun juridiko bakar batean bateratzeko» formula gisa proposatu zuen Udalbiltza, «edo antzeko zerbait». «Berria ez den ideia hori», zioen, «interesgarria izan daiteke etorkizuneko normalizazio prozesu batean». Eudelek «oso funtzio garrantzitsua» betetzen duela azaldu zuen, baina urrunago jotzera dei egin zuen.

2013ko uztailean Bildarratz bera bi udal erakundeen arteko desberdintasunez mintzatu zen: «Eudeleko presidente nintzela esan nuen: zergatik ez Udalbiltza? Baina baldintza batzuekin planteatu nuen». «Akordioak» lortzeko «gaitasuna» izatea eta, «batez ere», haiek «sentsibilitateen» artean egitea ziren EAJko kidearentzat baldintzak. Haren iritzian, Eudelek «akordioa eta instituzionalizazioa» bezalako ezaugarriak dauzka.

«Ateak, irekita»

Udalbiltzak aipatu du 1999ko sorrerako printzipioetan oinarrituta ari dela lanean, eta «orduan balio zuenak orain ere balio» duela. «Euskal Herria eraikitzea da gure zeregina», zioen Aizpurua lehendakariak oraintxe dela urtebete bat. Urte erdi bat lehenago, EAJkoak hartzeko desioa agertu zuen: «Poz handia hartuko dugu EAJko hautetsiek Udalbiltzarekin bat egiten dutenean». Duela bi aste berriro zioen «ateak irekiak» dituztela eta jeltzaleekin «batera jarduteko bideak bilatzen» jarraituko dutela.

Dena dela, EAJri aspaldian ez diote bilerarik eskatu. Eta EBBk gauzak argitu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.