Bukatu dute atzerriko botoen kontaketa, eta EAJk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Bizkaian lortutako diputatuetako bat
(Jon Aiartza) galdu du PPren mesedetan (Bea Fanjul). PPk Bizkaian lortu du EAEko diputatu bakarra. Jeltzaleek ez dute emaitza inpugnatuko, eta, horrenbestez, sei eserleku edukiko dituzte Espainiako Kongresuan. PPk, berriz, 89.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek emaitza argiak utzi zituen Hego Euskal Herriko lurralde gehienetan. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, indar politikoek alde handiz lortu zuten azken diputatua eskuratzea. Bizkaian, aldiz, partida zabalik zegoen oraindik, eta Espainiako Estatutik kanpoko botoek —4.500 inguru dira— diputatuen behin betiko banaketa alda zezaketen.
Batetik, EAJren azken diputatua zegoen kolokan. Joan den igandeko boto guztiak zenbatuta, 163 botoren aldea zegoen EAJren eta PPren artean. Baina horrek ez zuen esan nahi atzerritik iritsi diren 4.500 boto horietan PPk EAJk baino 163 boto gehiago lortu behar zuenik; gutxiagorekin ere, PPk kendu ahal zion azken diputatua EAJri. Izan ere, D’Hont sistemaren arabera, jeltzaleek, laugarren diputatua lortzeko, PPren botoak halako lau jaso behar zituzten. PPko iturriek jakinarazi dutenez, 731 boto lortu ditu EAJk, eta 406 PPk. 243 botoko aldea da hori.
EH Bilduk, talde propioa
Bestetik, EH Bilduk talde propioa edukiko du Espainiako Kongresuan. Talde parlamentarioa osatu ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: gutxienez hamabost diputatu izatea, edo bost diputatu lortzea eta indar hori aurkezten den barruti guztietan botoen %15 eskuratzea gutxienez. Herenegun, EH Bilduk %15eko langa hori aiseago gainditu zuen Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, baina ozta-ozta Bizkaian: botoen %15,05 erdietsi zituen.
Aurretik Amaiurrek izan zuen: orotara, zazpi diputatu lortu zituen 2011n, baina, Nafarroan %14,86 boto bilduta, Espainiako Kongresuko Mahaiak ez zion utzi talde parlamentarioa osatzen.