EAJk ziurtatu du «herritar gehienak ados» daudela politika publikoekin

EH Bilduk atzo esan zuen prest dagoela politika publikoen aldaketa negoziatzeko, eta Estebanek erantzun du «herri honek bozkatu duen gehiengo bat» osatzen duela gobernua.

EAJko buru Aitor Esteban Zarautzen, joan den ostiralean, urte politikoaren hasieran. J. COLMENERO / EFE
EAJko buru Aitor Esteban Zarautzen, joan den ostiralean, urte politikoaren hasieran. J. COLMENERO / EFE
xabier martin
2025eko irailaren 1a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko presidente Aitor Estebanek ziurtatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar gehienek ontzat ematen dituztela Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak. Atzo, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik adierazi zuen koalizioak ez duela negoziatuko zerbitzu publikoen politikak aldatu behar diren edo ez, «aldaketaren neurria eta erritmoa» baizik; eta EBBko buru Estebanek gaur erantzun dio duela hamasei hilabete izan ziren hauteskundeen emaitzak berme direla herritar gehienak politika horiekin «ados» daudela esateko. Boz horietan, EAJk eta EH Bilduk eserleku kopuru bera lortu zuten: 27. PSE-EEk, 12 —gehiengo absoluturako 38 eserleku behar dira Eusko Legebiltzarrean—.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, jeltzaleen gidariak EAJ eta PSE-EEren gehiengoa jarri du mahai gainean, ziurtatzeko Eusko Jaurlaritzak ez dituela zertan aldatu politika publikoak. «Herri honek bozkatu duen gehiengo batek osatu du gobernua. Ez du ematen gehiengo hori ez dagoenik ados egungo politika publikoekin. Herritar asko joan dira oporretara kanpora, eta alderaketa egin ahal izan dute. Ikusi ahal izan dute zein den Euskadiren bizi maila, eta nolakoak diren gure zerbitzu publikoak».

Estatus berria

Eta EH Bilduren idazkari nagusiari erreparatu dio jarraian: «[Arnaldo] Otegik aldatu nahi baditu, ez gaude ados. Europan dago gure herria, eta goialdean, konparatzen hasita. Eta jendeak uste badu ongizate maila hau askoz apalagoa dela, ba ikusiko dugu hauteskundeetan». 2028. urtean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hurrengo bozak, Imanol Pradales lehendakariak ez baditu aurreratzen.

«[Estatus berrian] Urte bukaerarako akordioa egotea izango litzateke onena, baina horretarako asko eragin beharko genioke azeleragailuari»

AITOR ESTEBAN EAJko presidentea

Bestalde, estatus politiko berriaren negoziazioei buruz galdetu diote EBBko presidenteari, eta Estebanek berretsi du alderdiak lanean ari direla, baina berriro ere «zuhurtzia» eskatu du, eta erabateko diskrezioa. Onartu du, dena den, badagoela helburu bat zeinak finkatzen baitu urte bukaerarako alderdi nagusien akordio bat lortzea. «Hori izango litzateke onena», esan du, baina erantsita xede hori lortzeko «azeleragailuari asko eragin» beharko diotela. Eta mezu bat utzi die negoziazio horietan ari diren beste bi alderdiei, hau da, EH Bilduri eta PSEri: «Edo ados gaude guztian, edo ez gara egongo ados ezertan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.