Politika

EAJren "ausardia faltagatik" aurkeztuko da bakarrik EA

"Burujabetzaren aldeko mugimendu erraldoia" sortzea beharrezkoa dela adierazi du Unai Ziarreta presidenteak, hauteskundeetara bakarka aurkeztearen arrazoiak azaltzean. Gipuzkoako zuzendaritza erabakiaren kontra agertu zen atzo.

Berria.info
2008ko azaroaren 12a
16:36
Entzun
EAko presidente Unai Ziarretak bere alderdia hauteskunde autonomikoetara bakarrik aurkezteko arrazoiak azaldu ditu gaur. Bere esanetan, EAJri "ausardia falta" izan zaiola Espainiako Estatuari "demokratikoki aurre egiteko" eta horrek bakarka aurkeztera bultzatu ditu EAkoak. Horregatik uste du "gatazkaren konponbidearen bidean burujabetzaren aldeko mugimendu erraldoia" egin behar dela, eta ez "kudeaketa hutsa".

Ziarretaren arabera, EA ez da aurkeztuko hauteskundeak irabazteko, "marko aldaketa bideratzeko" baizik. Bere alderdiak "EAJren atzerapausoarekin eta ETAren indarkeriarekin nekatuta" daudenei "ilusioa piztuko" diela uste du. Hauteskunde emaitzek ahalbidetzen badute, berriro ere hiruko gobernua sortzeko prest daude eta zaila ikusten du Ziarretak "Euskal Herriaren eskubideak ukatzen" dituztenekin akordioak lortzea.

Gipuzkoako zuzendaritza erabakiaren kontra

Gipuzkoako EA, ordea, ez dago ados alderdiko zuzendaritzak hartutako erabakiarekin eta oharra kaleratu zuen atzo horren berri emateko. «Ez du bat egiten EAJrekin koalizioa ez errepikatzeko erabakiarekin eta akats politiko larritzat jotzen du». EAren zuzendaritzak astelehen iluntzean eman zuen jakitera hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko dela, eta atzo arratsaldean plazaratu zuen bere iritzia Gipuzkoako zuzendaritzak, bilera egin ondoren. Oharrak jasotzen duenez, Gipuzkoako zuzendaritzaren «gehiengo zabalak» erabaki du bere iritzia publiko egitea.

EAren zuzendaritzaren erabakiarekin ados ez egoteaz gain, erabakia nola hartu den ere ez du begi onez hartu Gipuzkoako taldeak. Izan ere, erabakia ez dela Gipuzkoako baseekin kontrastatu salatu du.

Oso bestelako mezua eman zuen atzo bertan alderdiko Politika Instituzionalerako idazkariak. Rafa Larreinak Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, hauteskundeetara bakarrik aurkeztea «blokean» erabaki zen herenegun, «bozketa egiteko beharrik gabe, guzti-guztien akordioarekin».

Koalizioan ez aurkeztearen zergatia ere azaldu zuen Larreinak. Legebiltzarrerako azken bi hauteskundeetan EAJ eta EA Ibarretxeren hautagaitzarekin aurkeztea «baikorra» izan dela uste duen arren, azken aldian, lehendakariari «dezente» murriztu dizkio «jarduteko mugak» EAJk.

Azken hilabeteetan EAJ «gai soberanistatik» aldendu dela eta ez duela «galdeketaren diskurtsoa» mantendu uste du Larreinak. Areago, EAJk «erabakitze eskubidearen aldeko apustua Europako instituzioetara eramatea» geldiarazi egin duela dio.

Eusko Legebiltzarrean zein Euskal Herrian «blokeoa» dagoela deritzo, eta hori gainditzeko modu bakarra «herri soberanista indartsua bultzatzea» dela. «Euskal gizartearen erabakimena ezbairik gabe defendatuko duena, eta batzuk zein besteak mugiaraziko dituena».

Horren aurrean, baina, EAJ autonomismoaren alde egiten ari dela uste du EAk. Subiranotasunaren aldeko aldarria bazterrean uzten ari dela. Bide hori aldarazi nahi dio EAJri. Subiranotasunaren bidera eraman, «horrek askatuko lukeelako egoera».

Hauteskundeetara bakarrik joatea erabaki ondoren, zerrendak osatzeko lanean hasia da EA, eta, hainbat hedabidek EAko iturriak aipatuta zabaldu dutenez, Unai Ziarreta alderdiko presidentea izango da, «zalantzarik gabe», lehendakarigaia.

Ziarretak berak eta Joseba Azkarraga alderdiko idazkari nagusiak gaur egingo dute erabakiaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.