EAJren xedea A-29rako: «Madrildik euskal herritarren ongizatea lehenestea»

EAJko Espainiako Kongresuko eledun Maribel Vaquerok azaldu du Kongresuko gehiengoak «hauskorrak» izan direla azken legealdian, baina hala ere «luzea» dela jeltzaleek Madrilen lortu dituzten gauzen zerrenda.

Maribel Vaquero EAJren eleduna, Espainiako Kongresuan. EAJ
Maribel Vaquero EAJren eleduna, Espainiako Kongresuan. EAJ
xabier martin
2026ko urriaren 10a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk 1.500 alditan baino gehiagotan hartu du hitza Espainiako Kongresuan azken legealdian, parlamentuko jarduera guztiak barne harturik. Horrela nabarmendu du Maribel Vaquerok Kongresuko jeltzaleen buruak gaur. «EH Bilduk baino 500 aldiz gehiago» hartu dute hitza jeltzaleek, Vaquerok kalkulatu duenez, eta PSEko eta PPko diputatuek baino 1.200 aldiz gehiago. Horrez gain, jeltzaleen ahaleginak «lorpen historikoak» ekarri dituela esan du Vaquerok, eta horietako batzuk aipatu ditu: «Euskadiri transferitutako hamalau eskumen; mendekotasuna finantzatzeko eredu berri bat, haren gastuaren erdia bermatzen duena; eta sare elektrikoaren plangintza berri bat, euskal industriaren deskarbonizazioa eta iraunkortasuna bermatzeko, besteak beste».

Azaroaren 29an Espainiako Gorteerako hauteskunde deialdia eginda dagoela, azken legealdiaren errepasoan sartu da Vaquero buru-belarri. Aitor Esteban izan zen jeltzaleen buru Madrilen 2025eko apirilera arte, orduan aukeratu baitzuten EBBko presidente, eta Maribel Vaquerok hartu zuen bozeramailearen lekukoa, emakume bat estreinakoz ardura horretan.

EAJren Kongresuko taldea Madrilen «Euskadiren ahotsa» izan dela esan du Vaquerok, Gipuzko Buru Batzarraren Donostiako egoitzan egindako agerraldi batean. Hurrengo legealdian helburu horri eutsiko diotela ziurtatu du: «Beti egin duguna egingo dugu: euskal herritarren interesak eta ongizatea lehenetsi. Zaratatik urrun, ideiak argi, eta beti banderatzat eraman izan dugun elkarrizketa eta negoziazio ereduarekin».

Vaquerok azpimarratu du EAJ «erabakigarria» izan zela 2023an, Vox Espainiako Gobernura ez iristeko, eta «planto» egin zuela «atzeraldi sozial eta demokratikoa» ekarriko zuen egoera haren aurrean; gobernu hori egin izan balitz, «Euskadiren autogobernua itoaldian» utziko zuen horrek, Vaquerok helarazi duenez.

Eskuin muturra gerarazi

Espainiako presidente Pedro Sanchezek ez du bete Gernikako Estatutua 2025. urtea amaitu aurretik osorik betetzeko konpromisoa, eta, azken hilabeteetan, EBBko presidente Aitor Estebanek sarritan eskatu dio legealdia amaitzeko. Testuinguru horretan, EAJk garbi utzi nahi izan du bere jarrera ez dela aldatu eskuin muturrari dagokionez. «Ez gara hortik mugitu; ultraeskuinari aurre egiteko harresi izango gara berriro», ziurtatu du Vaquerok; eta erantsi du hiru urteotan lan egin dutela «aurrera egiteko eskubideei dagokienez, baita autogobernuan bi frontetan sakontzeko ere». Batetik, Gorteetan onartzen diren legeak «zentralizatzea galarazteko erne» egon da EAJ, eta, bestetik, «zaindu» egin dute Sanchezen inbestidurarako akordioaren eboluzioa.

Hala, EAJko sei diputatuen lanak xede izan du «euskal herritarren interesak defendatzea eta autogobernua babestea». Jarduera horretatik ekimen batzuk nabarmendu ditu Vaquerok: 77 galdera osoko bilkuran; 13 lege proposamen; 7 lege proposamen osoko bilkuran eta 13 batzordean; eta 2 interpelazio dagozkien mozioekin.

«Legeak lan handia eginda ateratzen dira aurrera, eta horretan dabil EAJ Kongresuan, Euskadirentzat benetako ondorioak dakartzan lan zehatz hori egiten»

MARIBEL VAQUERO EAJko eleduna Kongresuan

Vaquerok esan du ekimen horiek, besteak beste, etxebizitzari buruzkoak izan direla. EAJk amaitzera doan legegintzaldian «lurzoruaren legea aldatzeko eta sasoikako alokairua arautzeko beharra» azpimarratu ei du. 2023ko Etxebizitzaren Legetik kanpo geratu baitziren eduki horiek: «Proposamenak aurkeztu ditugu, behin baino gehiagotan, baina beto gurutzatuek akordioa eragotzi dute». Era berean, gogoratu du EAJk «migrazioen politika integrala» eskatu duela, eta «gai horren eskumenak Euskadirentzat», eta «eginahalak egin» dituela energia eta industria gaietan, menpekotasunaren alorrean eta autogobernu handiagoa eskatzeko ekinean.

Lorpen nagusiak

Eledun jeltzaleak esplikatu du Kongresuko gehiengoak «hauskorrak» izan direla azken legealdian, eta zailtasun handiak egon direla akordioak lortzeko. Blokeen arteko beto gurutzatuak egon direla gehitu du, eta, gainera, munduko gertakari garrantzitsuek baldintzatu dutela dena. Hala ere, «EAJren lorpenen zerrenda luzea da», esan du Vaquerok. Azpimarratu duenez, «legeak lan handia eginda ateratzen dira aurrera, ekimenekin, zuzenketekin eta negoziazio handiarekin, eta horretan dabil EAJ Kongresuan, Euskadirentzat benetako ondorioak dakartzan lan zehatz hori egiten».

EAJk lortu dituen mugarri nagusien artean, «inbestidura akordioaren %75 baino gehiago» bete izana nabarmendu du Vaquerok. Hala, «Euskadiren onarpen nazionalerako negoziazioak» hasi direla esan du; Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko batzorde bat sortu dela ere bai, eta hamalau eskumen transferitzea lortu dutela; besteak beste, hauek: langabezia prestazioak eta atzerritarrentzako lan baimenen kudeaketa; trafikoa Nafarroara eskualdatzen amaitzea; eta Ertzaintzaren eginkizunak EAEko portu eta aireportuetara hedatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA