Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdia legeztatzearen aurkako epaia eman ondoren, Eusko Alkartasunari begira jarri dira hainbat hedabide eta alderdi politiko, Pello Urizarrek gidatzen duen alderdiak zerrendetan ezker abertzaleko kideei ateak irekiko dizkielakoan.
Sorturen aukera itxita, ezker abertzalea hauteskundeetan egon ahal izateko «B plana» ei litzateke EAko zerrendetan ezker abertzaleko kideak sartzea.
Eusko Alkartasunan ez dute ezustekorik hartu hori entzutean. «Duela urtebetetik hona entzun ditugu horrelakoak, eta ari gara entzuten gogorragoak ere», zioen atzo Urizarrek, Onda Vasca irratian egin zioten elkarrizketan. «Ekintza batasuna defenditzen dugu legalitatearen barruan, eta ildo horretan ez dugu estrategia aldatuko», azaldu zuen EAko idazkari nagusiak. Horrela bada, Urizarren arabera, EAk maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrendetan ez dira ageriko legeztatuta balego Sorturenetan joan ahal zitezkeenak. «Ez dugu inoiz aukera hori aztertu ere egin. Gure zerrendetan, ohi bezala, EAko militanteak eta alderdiaren ildo politikoarekin eta estrategikoarekin bat egiten duten independenteak joango dira», zehaztu zuen Urizarrek. Dena den, badaki bere alderdiaren zerrendak «lupa eskuan dutela» aztertuko dituztela. «Ez dakit; beharbada, arraza garbitasunaren ziurtagiria eskatu beharko diegu zerrendakide guztiei», dio, ironiaz.
Nafarroakoa Euskal Herrira
Nafarroan Herritarron Garaia plataformarekin batera EAk gaur aurkeztuko duen subjektu politiko berria auzitan jarri du egunotan UPNk, zerrenda horietan ezker abertzaleko kideak ere joan daitezkeelakoan. Urizarrek atzo azaldu zuen proposamen horrek EAren apustuari erantzuten diola: «Abertzaleon ekintza batasunaren aldeko apustua da geurea, betorik eta bazterketarik gabeko ekintza batasunaren aldeko apustua. Nafarroan mezu hori errotu egin da, baina gure apustua ez da Nafarroarako bakarrik. Euskal Herria dugu jomuga, proposamena hegoaldeko beste herrialdeetara ere eramatea», adierazi zuen.
Sorturen legeztatze prozesua
EAk dio ez dituela zerrendetan sartuko Sorturen hautagaiak
Urizar: «Ekintza batasuna defenditzen dugu legalitatearen barruan, eta ildo horretan ez dugu estrategia aldatuko»Hautagai zerrendetan EAko militanteak eta independenteak joango direla berretsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu