Aralarrek eta EAJk 'Nafarroa Bai' marka erabiltzeko "zilegitasun politikorik, etikorik eta legalik" ez dutela adierazi du EAk gaur, eta "haien arteko koalizioak ez du NaBai ordezkatzen". 2003an sortu zen koalizioa, Aralar, EAJ, EA, Batzarre eta independente batzuen artean. Batzarrek utzi egin berri du —Nafarroako EBrekin elkarlana hasi du—, eta EAk dio bera bidali egin dutela Aralarrek eta EAJk.
Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak jakinarazi duenez, urtarrilaren 27an NaBaiko beste kideei berretsi zieten koalizioaren aldeko apustua egiten zutela hauteskundeei begira eta ezker abertzalearekin dituzten konpromisoek ez zutela arlo instituzionalean eragingo. "Hori ez zuten kontuan hartu".
Orain, ordea, Aralar eta EAJ EA gabe hasi direlarik maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako zerrendak prestatzen, Ramirezek esan du bozak prestatzeko lanari ekingo diotela, eta euren helburua "Nafarroa Bairen hasierako printzipioei eustea" eta egungo egoera historikoaren neurri berean erantzutea dela. "Etorkizunerako, guztion artean elkar ulertzea behar da".
Ezker abertzalearekin batera aurkezterik izango ote duten galdetuta, adierazi du oraintxe ezin dela aukera hori aztertu, hura legez kanpo dagoelako.
Ramirezekin batera, Koldo Amezketa eta Eva Aranguren Nafarroako zuzendaritzako kideak izan dira prentsaurrekoan, Iruñean.
nafarroa
EAk dio 'NaBai' izena ezin dutela erabili Aralarrek eta EAJk, "zilegitasunik ez daukatelako"
"Ez dute zilegitasun politikorik, etikorik eta legalik", Maiorga Ramirezek esan duenez. EAk maiatzeko hauteskundeak prestatzeari ekingo dio, "Nafarroa Bairen hasierako printzipioei eutsita".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu