«Aldaketa ez da zerutik etorriko». Koldo Amezketa Eusko Alkartasunako Nafarroako buruzagiak eta Bakartxo Ruiz Herritarren Garaia plataformako eledunak atzo Iruñean jakinarazi zuten datorren larunbatean ekitaldi politiko bateratua egingo dutela Lizarrako Remontibal pilotalekuan, 17:30ean hasita. Han, hauteskunde eskaintza bateratua aurkeztuko dute. Horregatik, ezkertiarrak eta abertzaleak diren herritar denei ekitaldi horrekin bat egitera eta modu aktiboan parte hartzera dei egin diete. Hala Bakartxo Ruizek nola Koldo Amezketak aurreratu dute larunbatean oinarri politikoak iragarriko dituztela, eta azpimarratu dute «betorik eta bazterketarik gabeko eskaintza» izango dela. «Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia iritsi dela esan dute batak zein besteak.
Prentsaurrekoan, Amezketaz eta Ruizez gain, Eva Aranguren EAko zuzendaritzako kide eta Iruñeko udalerako zerrendaburua eta Nekane Garmendia Ezker Soberanista taldeko eta Herritarron Garaia plataformako kidea ere izan dira. Plataformak martxoaren 12an agiri bat eman zuen ezagutzera, eta Ruizek nabarmendu du azken hamar egunotan sektore zabal bateko herritarren atxikimenduak biltzea lortu dutela.
Helburu politikoak
Larunbateko ekitaldian aurkeztukodituzte proiektuaren oinarri politikoak. Hala ere, Amezketak zein Ruizek helburu politikoak zehaztu dituzte: alde batetik, Nafarroako aldaketa politikoa eta soziala bultzatzea, «konponbide demokratikoa ekarriko duen aldaketa»; bigarrenik, Nafarroatik Euskal Herriaren eraikuntza bultzatu nahi dute, eta, hirugarrenik, egungo krisi ekonomikoa gehien jasaten dutenei erantzungo dieten politika aurrerakoiak aurrera eraman.
Bozei begira, eskaintza bateratu horrek gaur egun Nafarroan diren eskaintza politikoekin gustura egon ez eta beste aukera bat aldarrikatzen duten herritarrak erakartzea izango du xede. Horretarako, Amezketak zein Ruizek azpimarratu duten beste ideia bat izan da Nafarroan aldaketa sakona «denen artean» egin behar dela. «Aldaketarako gakoa indar metaketa da, eta horregatik egin dugu eskaintza bateratua. Auzolanean egin behar den aldaketa da, batak bestea lagunduz eta esfortzu guztiak bilduz», arrazoitu du Amezketak. Ruizek gaineratu du Nafarroa luze-zabalean «aldaketaren haizeak» zabaltzen ari direla eta orain «uzta oparoa» biltzeko ordua dela.
«Izen gehiago» egongo dira
EAk hilabete honetan Parlamenturako zein udaletarako zerrendak osatu ditu. Adibidez, Maiorga Ramirez da Parlamenturako zerrendaburua eta Eva Aranguren Iruñeko alkategaia. Hauteskunde eskaintza horrek zerrenda horietan aldaketarik eragingo duen galdetuta, Amezketak erantzun du EAk hauteskunde eskaintza horri bere ekarpena egingo diola, baina bere hautagaiez gain «izen gehiago» egongo direla gaineratu du. «Ahal den heinean», Ramirez eta Arangurenen hautagaitzei eutsiko diete, baina, Amezketaren ustez, «badira beste pertsona batzuk xarma, ezagutza eta ahalmen nahikoa dutenak». Amezketak dio orain lehentasuna eskaintza horren edukiak zehaztea dela. «Apirilaren 18ra arteko epea dugu zerrendak aurkezteko, eta gure presa erlatiboa da», azaldu du.
Hauteskunde eskaintza horren izena bera ere oraingoz ezezaguna da. «Iritsi behar duenean iritsiko da» bakarrik esan du Amezketak. Hauteskunde eskaintza horren formula beste lurraldeetan errepikatuko ote den galdetuta, Amezketak ez du erabat baztertu aukera hori. «Txarrak ez diren ideiak batzuetan esportatzeko modukoak izaten dira». Haren ustez, Nafarroako hauteskundeeskaintza hori Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaldu daiteke; «argi baitago baldintzak eta nondik norakoak antzekoak direla», esan du EAko ordezkariak.
EAk eta HGk larunbatean aurkeztuko dute, Lizarran, bozetarako eskaintza
EA eta Herritarron Garaia plataforma bat datoz «betorik eta bazterketarik gabeko» hauteskunde eskaintza egiteko beharrarekinEAk dio zerrendak osatzeko orain ez dutela presarik eta lehentasuna edukiak direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu