EA-ren barne krisia

EAko Berme Batzordeak ebatzi du Ramirezen hautagaitza "bidegabeki" bota zutela atzera

Eba Blanco idazkari nagusiarekin harremanetan jarri da Ramirez, eta proposatu dio azaroaren 24an egitea idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketa. Blancok ez dio sinesgarritasunik eman ebazpenari: "Berme Batzordea ez da ezeren bermea"

Maiorga Ramirez, abalak aurkeztu zituen egunean. IÑIGO URIZ / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2019ko urriaren 31
18:17
Entzun

Eusko Alkartasunako Berme Batzordeak arrazoia eman dio Maiorga Ramirezi, eta ebatzi du Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak «bidegabeki» bota zuela bere garaian haren hautagaitza atzera. Ildo kritikoaren ustez, ebazpen horrek bidea irekitzen du EAko militanteek erabaki dezaten orain nor izango den idazkari nagusia —Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak joan den astelehenean izendatu zuen idazkari nagusi Eba Blanco—. Hark, ordea, ez dio zilegitasunik aitortu batzordearen ebazpenari. «Berme Batzordea ez da ezeren bermea», adierazi du, eta «sinesgarritasuna eta zilegitasuna» galdu dituela salatu. Ebazpenak «forma akats larriak» dituela dio, batzordea osatzen duten bost kideetatik bi «parte interesdunak» direla, eta «inhibitu» egin behar zutela. Aurreratu du Nazio Batzarrak datozen egunetan zehaztuko duela zer nolako urratsak eman hemendik aurrera.

Maiorga Ramirezek esan du ebazpen hori «aukera bat» dela EArentzat «normaltasun demokratikora» itzultzeko. Eta Eba Blancorekin harremanetan jarri dela, «hautaketa prozesua gardentasunez egin ahal izateko baldintza egokiak jartzeko». Dena dela, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak amaitu arte EAren barne kanpaina albo batera uztearen alde agertu da Ramirez, eta proposatu du azaroaren 24an egitea idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketa.

Ez du horretarako batere asmorik Eba Blancok. Salatu du Berme Batzordeak ez diola erantzunik eman berak egin zituen alegazioei, eta gogora ekarri du eskatu zuela batzordeko bi kide behintzat prozedura horretatik kanpora uzteko, «parte interesdunak» direlako —bost kidez osatuta dago batzordea, eta haren ustez talde hori «sistematikoki» ari da ildo kritikoaren aldeko ebazpenak ematen (3-2), bost horietako batek abala eman ziolako Ramirezen hautagaitzari eta bestea sektore kritikoko kide ezagun baten senarra delako—. Hori gutxi ez, eta Blancok gogorarazi du Berme Batzordeko beste bi kidek irregulartasunak salatu dituztela, haren funtzionamendua okerra dela iritzita. Idazkari nagusiak «forma akats larriak» ere ikusi ditu, batzordea biltzeko «deialdirik ere» ez delako egin, eta «batzartu gabe» osatu dutelako ebazpena. «Batzordeak bost kide dituen arren, ebazpena hiruk bakarrik sinatzen dute; horien artean, inhibitu beharko liratekeen biak. Eta beste biei ez zaie praktikan iritzia emateko aukerarik eman, ez eta boto partikularra aurkezteko ere. Pena da, gauzak ez direlako horrela egiten».

Lehen primarioak

Lehen aldia da alderdiko arduradun nagusia aukeratzeko EAk hauteskunde primarioen prozesu bat abiatu duena, eta bidea erabat katramilatu da azken asteetan. Urriaren 4an, alderdiko Berme Batzordeak moldatu egin zuen alderdiko Nazio Batzarrak ekainean onartutako araudia, primarioen prozesua zuzendu behar zuena; moldaketa horren arabera, hautagaiek nahikoa zuten gutxienez 50 abal aurkeztea, herrialde bakoitzean gutxienez bost abal jaso beharrik gabe. Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak, ordea, primarioen ekaineko araudia hartu zuen aintzat, eta ebatzi zuen Ramirezek ez zituela baleko bost abal bildu Iparraldeko afiliatuen artean. Horrela, prozesutik kanpo utzi zuen Ramirezen hautagaitza, hark 400 abal baino gehiago eskuratu zituen arren —Blancok 60 bat, lurralde baldintzak beteta—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.