Krisia EA-n

EAko sektore kritikoak estatutuak faltsutzea egotzi die ildo ofizialekoei

Epaiketaren lehen egunean, Gezuragak esan du alderdiaren batzorde exekutiboak ez duela sarbiderik afiliatuen datu basera. Kritikoek ildo ofizialari leporatzen diote datu basea ez uztea lurraldeko koordinatzaileen esku.

EAren ezohiko batzar nazionala, Gasteizen, primarioen auzia bideratzeko, iazko uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maider Galardi F. Agirre - Andoni Imaz
2020ko ekainaren 10a
12:09
Entzun

Gaur hasi da EAko primarioei eta afiliatuen datu baseari buruzko epaiketa, Gasteizko Justizia Jauregian. Alderdiak hilabeteak eman ditu primarioen prozesuan katramilatuta, ildo ofizialaren eta kritikoaren arteko etengabeko eztabaidan. Sektore kritikoak hasieratik eskatu zuen afiliatuen datu basea herrialdeetako ordezkari guztien esku jartzea, baina, datuak babesteko legea dela eta, ildo ofizialak azaldu zuen «legez kanpokoa» zela hori. Gaurko saioan, Jose Luis Seoldevilla sektore kritikoaren abokatuak adierazi du ildo ofizialekoek indarrean ez zegoen estatutu bat bidali ziotela Datuen Babeserako Agentziari, eta esan du, beraz, hark egindako txostenak ez duela baliorik.

Epaiketaren lehenengo saioan, aretoan izan dira Joseba Gezuraga auzipetua, alderdiaren izenean —behin-behineko idazkari nagusia izan zen Pello Urizarrek dimititu ostean—, eta Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Abersturi eta Maiorga Ramirez auzi jartzaileak, sektore kritikokoak.

Epaitegira sartu aurretik, Iker Ruiz de Egino EAko Nazio Batzorde Eragileko bozeramaile eta ildo ofizialeko kideak errepikatu du egin duten guztia «legea errespetatuz» egin dutela: «Oxala EA gaur albiste balitz Maddalen Iriarte aupatu eta krisi honi irtenbideak emateagatik», esan du. Ildo kritikoko Ramirezek, berriz, «tristeziaz» nabarmendu du saiatu direla akordio bat lortzen, baina ez dutela lortu.

«Argi utzi nahi dut gauza bat», adierazi du Gezuragak. «Batzorde eragileak ez du inoiz izan sarbidea datuen basera». Azaldu du datuak lurraldekakoak direla, eta lurralde koordinatzaileak dituela horietarako sarbideak, ez beste herrialdeetakoak. «Ezin gara aritu alderdiko datuetan kuxkuxeatzen». Datuok finantza eta ekonomia idazkaritzaren esku daudela esan du.

Gezuragak esan du Nazio Batzordeak ez ziela abisatu Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileei bilera batean primarioak onartzeko ezohiko batzar batera deitu behar zutenik. Jarduneko idazkari nagusi ohiak azaldu du batzar horretara deitu zutela sektore kritikoak prentsaurreko bat eman eta dena «hankaz gora» jarri eta gero.

Hiru saio izango ditu epaiketak. Datorren, hilaren 16an eta 17an joan beharko dute epaitegira lekukoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.