Eusko Alkartasunako idazkari nagusia aukeratzeko bozketa eguna zen gaur berez, baina hauteskunde primarioen prozesua bertan behera gelditu da, eta alderdiak Eba Blanco izendatuko du idazkari nagusi heldu den astelehenean.
EAko zenbait militantek, ordea, "bozketa sinbolikoak" egin dituzte euren alkartetxeetan. Helburua: "Alderdikideek, alderdiaren barruan, beraien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea".
Maiorga Ramirezek lehiatu behar zuen Eba Blancorekin idazkari nagusi izateko. Iruñeko EAren egoitzan izan da gaur Kataluniako egoeraren inguruko hitzaldia batean, eta Eusko Alkartasuneko alderdikideek beren idazkari orokorra aukeratzeko duten "eskubidea” aldarrikatu du bertan: “Gaur gure alderdiarentzako egun garrantzitsua izan behar zuen. Bi proiektu ezberdinen artean, gure alderdia nork gidatu beharko lukeen erabaki behar zuten militanteek. Gaur, urriak 25, gure alderdikideek, lehen aldiz euren historian, primarioen bitartez, euren idazkari nagusia nor izan erabakitzeko eguna izan behar zuten. Eta EH Bilduren barruan EA indartzeko hautagaitza bat aukeratu ahal izateko eguna”.
Ramirezek esan du alderdiarentzat ez dela ona Eba Blanco idazkari nagusi "atzeko atetik" izendatzea, "ezta demokratikoa ere". Laurehun alderdikide abalisten borondatea mespretxatu dutela, eta Eusko Alkartasuneko militanteei "erabakitzeko eskubidea lapurtu" dietela esan du Ramirezek: “Afiliazioak bere esku dituen neurri guztiak hartuko ditu, Eusko Alkartasunaren barrua parte hartzea eta erabakitzeko eskubidea berreskuratu arte, arrazoi demokratikoengatik eta sinesten dugulako Eusko Alkartasunak gure herriaren etorkizuna eraikitzeko gauza positibo ugari ekarriko dituela".