Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

EB-Berdeak errepublika federal baten alde azaldu da

Monarkiaren abolizioa aldarrikatu du, eta beste alderdiei krisiaren eztabaida ezkutatzea egotzi die Modubarrek

EBko zerrendaburuak, atzo, Antonio Alvarez Solisekin. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Federalismo eta Errepublika krisi garaietan izenburupean, Antonio Alvarez Solis idazleak hitzaldi bat eskaini du Ezker Batua-Berdeak alderdiaren egoitzan, Bilbon. Hitzaldiaren aurretik Jose Navas Arabako zerrendaburuak eta Raquel Modubar Bizkaiko zerrendaburuak hitz egin dute. Navasek hitzeman du legebiltzarrean errepublika federalaren aldeko ekimena aurkezteko asmoa dutela.

Modubarrek, berriz, monarkiaren abolizioa aldarrikatu du. «EB-Berdeak alderdiak eredu federala defenditzen du. Federazio bakoitzak bere legea eduki beharko luke, baina gainerako lurraldeekiko elkartasuna ere azaldu beharko luke. Erregea eta haren familia mantentzeari utziko litzaioke. Azal dezatela zergatik diren hain aberatsak, eta lan egin dezatela bizimodua aurrera ateratzeko», azaldu du.

Era berean, Navasek hauteskunde kanpainako lau alderdi nagusiei krisiaren ondorioak «ezkutatzea» leporatu die, eta proiektu batzuk besteekin alderatzeko eztabaida saihestea egotzi. Haren esanetan, PP, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu «banderen eguna» ospatzen ari dira. «Ezker Batuari berdin zaizkio erakundeetako banderen koloreak. Erakunde barruan zehazten diren politikak axola zaizkio».

Modubarren irudiko, urriaren 12an bere alderdiak Erresistentziaren Eguna ospatzen du: «Erresistentzia lan erreformari, etxeak husteari, bankuen erreskateari, Alemaniaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren tiraniari. Europako lanesku merke bihurtu nahi gaituzte, eta Floridaren moduko bihurtu, eguzkipean hondartzara etorri eta hutsaren hurrengo prezioan txosnan jateko». EB-Berdeak alderdiaren arabera, pertsonak «erreskatatu» behar dira, eta herrialdea Europaren hondamenditik erreskatatu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.