Eusko Alkartasunako hogei bat militantek idatzi bat eman dute argitara. Eba Blanco idazkari nagusiak alderdiko Berme Batzordearen kontra bezperan esandakoak txarretsi dituzte, eta adierazi dute batzorde hori alderdi barruko organo bat dela, kideek 2017an Donostian egindako Batzar Nazionalean militanteek eurek aukeratu zituztela —alderdiko beste organo nagusien gisara—, eta "legitimitate osoa" duela.
"Ulertezina" egin zaie "primarioetako hautagai batek" —Eba Blanco berez EAko idazkari nagusia da joan den astelehenetik—, alderdiko organo baten kontra egin izana, eta "errespetua" eskatu dute horregatik.
Sinatzaileen artean daude: Unai Ziarreta, Esther Korres, Aitor Letamendia eta Manolo Vigo. Unai Ziarreta EAko presidentea izan zen 2007tik 2009ra.
Eba Blancok, izan ere, gogor egin zuen bezperan EAko Berme Batzordearen kontra, horrek Maiorga Ramirezek aurkeztutako helegiteari arrazoia eman ostean. Besteak beste, ez zion zilegitasunik aitortu batzordearen ebazpenari: «Berme Batzordea ez da ezeren bermea», adierazi zuen, eta «sinesgarritasuna eta zilegitasuna» galdu dituela salatu. Ebazpenak «forma akats larriak» dituela esan zuen, batzordea osatzen duten bost kideetatik bi «parte interesdunak» direla eta «inhibitu» egin behar zutela.