«Peter Higgs ekarpen batengatik da ezaguna, Higgs bosoiagatik: ekarpen bakarra, baina iraultzailea. Gure sistema zientifikoan hori oso zaila litzateke: publikazio kopurua eta merituen pilaketa lehenesten dituen ebaluazio sistema batean, inork ez luke halako arriskurik hartuko; eta zientzian ezinbestekoa da arriskuak hartzea». Ekoizpen zientifikoa ebaluatzeko eredua aldatu egin behar dela nabarmendu du Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak. Eta bide horretan, neurri eta jarduera ildo batzuk proposatu ditu gaia aztertu duen aditu taldeak: gaur aurkeztu dute txostena, Iberdrola dorrean egindako agerraldi batean. Ebaluazio «soilki kuantitatiboa» gainditzea, ikerketa ibilbidean jarraitutasuna sustatzea eta genero ikuspegia txertatzea aipatu dute, besteak beste.
Hamar aditu aritu dira azken hilabeteetan ekoizpen eta ebaluazio zientifikoaren eredua aztertzen, ikertzaileen ongizateari buruzko kezkatik abiatuta, Perez Iglesiasek esplikatu duenez: «Sistema zientifikoak sekulako presioa eragiten du ikertzaileengan, eta presio hori arazo bat da ikertzaileentzat, baina, bestalde, ikerketa produktuan ere ondorio kaltegarriak ditu». Izan ere, jardun zientifikoa ebaluatzeko sistema ez da neutroa: «Eragin erabakigarria du jokabideetan, lehentasunetan eta dinamika akademikoetan».
Hainbat eremu aztertu dituzte adituek, eta arlo bakoitzean proposamenak egin. Baina oinarrian, ebaluazio sistemaren ezaugarriez mintzatu da sailburua: «Argitalpen zientifikoak batez ere kopurutan hartzen dira kontuan: ez zaio askorik erreparatzen ikerketen mamiari, baizik eta zenbat publikatzen den eta zein aldizkaritan». Hala, «produkzio kuantitatiboa» sustatzen du sistemak, «sormenaren eta originaltasunaren kaltetan».
«Ezin gara mugatu ikertzaileak ebaluatzera ikerketa curriculumetan ageri diren jardueren arabera soilik, eta kontuan hartu behar da beste lan batzuetan ematen duten denbora»
SUSANA SANCHEZ GILÂ Aditu taldearen bozeramailea
Hori moldatzea eta «egiaztatze sistema gardenago bat» ezartzea proposatu dute adituek. Haien izenean mintzatu da Susana Sanchez Gil, Unoentrecienmil fundazioko zientzia arduraduna: «Ezin gara mugatu ikertzaileak ebaluatzera ikerketa curriculumetan ageri diren jardueren arabera soilik, eta kontuan hartu behar da ikertzaileek beste lan batzuetan ematen duten denbora, lan horiek ezinbestekoak baitira ikerketa jardunean. Oso inkoherentea da sistemak kudeaketa lanak egiteko exijitzea, baina ebaluazioan kudeaketa hori ez kontuan hartzea». Malgutasuna ere galdegin dute lan burokratikoei dagokienez: «Legeek oso gutxitan hartzen dituzte kontuan jarduera zientifikoaren berezitasunak».
Bestalde, adimen artifizialaren ondorio kaltegarri batez ohartarazi du Perez Iglesiasek: gero eta egitasmo zientifiko gehiago aurkezten dituzte finantzaketa deialdietara, asko adimen artifizialaren bidez idazten direlako. Beraz, lan zientifikoak bestela ebaluatze aldera, elkarrizketak sustatzea aipatu du: «Laster ez da nahikoa izango proposamen bat idatziz jasotzea; elkarrizketak egiten hasi beharko dugu. Eta ez bekak nori eman erabakitzeko soilik, baizik eta zein ikerketa proiektu finantzatu erabakitzeko ere».
Etenak konpentsatzeko
Ekitateari, aniztasunari eta iraunkortasunari lotutako adierazleez ere aritu da Sanchez Gil, eta genero ikuspegia txertatu beharra nabarmendu du. Izan ere, zaintza lanen ondorioz, emakumeek hainbatetan eten behar izaten dute ibilbide akademikoa, eta horrek berekin dakar, adibidez, atzerrian egonaldiak egiteko aukerak gutxitzea. Perez Iglesiasek iragarri du ikerketako epe errealak neurtzeko eta «etenen kaltea konpentsatzeko» neurriak aztertuko dituztela.
Dena dela, ikertzaile ibilbidearen hasieran ere izaten dira eten asko. Adibide bat jarri du sailburuak: «Ohikoa da pertsona batek tesia hastea, ordezko irakasle izateko aukera suertatzea, eta tesirako beka uztea postu horretan hasteko, eta gero itzultzea; baina, azkenean, tesia berandu irakurtzen du, eta egonkortze prozesua ere berandutzen zaio, horrek dakarren estresarekin». Hala, lanbide garapenean jarraitutasuna bultzatzeko neurriak eskatu dituzte adituek, eta Perez Iglesiasek adierazi du Unibertsitateen Lege aurreproiektuan pauso bat emango dutela: «Ibilbide akademiko estandar bat definitu dugu; horrela, jarraitutasuna lortu beharko genuke, eta egonkortzeko mugarri batzuetatik pasatu behar izatea».
«Laster ez da nahikoa izango proposamen bat idatziz jasotzea; elkarrizketak egiten hasi beharko dugu. Eta ez bekak nori eman erabakitzeko soilik, baizik eta zein ikerketa proiektu finantzatu erabakitzeko ere»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASÂ Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Unibertsitate sailburua
Integritateak eta etikak ere izan du atal bat, batez ere adimen artifizialaren erabilera okerrarekin lotuta, sailburuaren hitzetan: «Publikatzeko presio handia dago, eta errazagoa da tentazioan erortzea eta tranpak egitea». Iragarri du Unidilemak izeneko tresna bat lantzen ari direla, ikerlariek bertan eztabaidatzeko halako auziez, eta gaia trebakuntza orokorrean txertatzea galdegin dute adituek. Perez Iglesiasek, berriz, nabarmendu du adimen artifiziala lagungarri izan daitekeela eleaniztasuna kudeatzeko, eta lan zientifikoak hainbat hizkuntzatan eskuragarri jartzeko: «Ezagutza zientifikoa mundu zabalean hedatzeko ingelesez egin behar da, baina horrek ez du esan nahi norbere hizkuntzan ikertzeari uko egin behar zaionik».
Neurri, proposamen eta gomendio horiek hainbat bide har dezakete orain. Horietako bat da Unibertsitateen Legea, batez ere «garapen fasean». Beste bat Unibasq-i dagokio, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari: «Bere prozeduren azterketa bat egin beharko du». Eta beste bidea unibertsitateek eurek ibili beharko dute. «Disfuntzioak identifikatzen badituzte, neurri batzuk har ditzakete», esan du Sanchez Gilek. Neurri batzuk ematera behartuta egongo direla gehitu du Perez Iglesiasek: «Unibertsitateen Lege aurreproiektuak dio ongizate planak landu beharko dituztela».