Konferentziak utzitako ebazpena bere egin du EAJk. Babestu egin du, oso-osorik, eta idatziak jasotzen duen «ordena berean». Bost puntuen «ordenari» jarraitzeko beharrean indar berezia egin du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Beste ezer baino lehen, ETA behin betiko amaitu dela esateko baldintzan. Gainontzeko puntuak betetzeko atea lehen puntu hori bete ondoren soilik irekiko litzatekeela adierazi du.
Aieteko ebazpena bere egiteko «exijitu» dio ETAri. «ETAk lehen puntua ñabardurarik gabe onartzen badu, gainerako proposamenetarako bidea zabalduko da». ETAren «negoziazio esparrua 'arlo teknikoa'» soilik izan daitekeela ondorioztatu izana txalotu du. «Politika alderdi politikoei baino ez dagokie».
Baikor agertu da EAJko burua. Egungo egoera «bereziki garrantzitsua» dela seguru dago. «Atzamar puntez uki dezakegu gogo biziz desio dugun bakea. Asmo politikoko dinamika terroristak irauten duen Europa mendebaldeko toki bakarra gara. Baina orban hori ezabatu egingo da».
Asteleheneko bilerarekin ez dela «ezer amaitu» adierazi du; «baina aurrera egin dugu». Orain bide luze bat hasten dela iradoki, eta gainontzeko alderdiei begira jarri da. Ezker abertzalea hartu du hizpide lehenik. «Gorbata jantzi zuen». Ikurtzat jo du hori; «aldaketarako ikurtzat». «Iragana gainditu eta bide berri bat hasi nahi duela» ulertu du keinu horrekin. Eta «bide hori garatzen joan daitezen animatu» du ezker abertzalea. «Atzera bueltarik egin gabe, eta inork atzera egitera derrigortu gabe». Gehiago esan dio: «Oraingoan, ezker abertzaleari dagokio ETA desarmatzea».
Ezker abertzaleak ebazpenari babesa eman izana «txalogarria» dela uste du. Izan ere, Urkulluren hitzetan, ETAri orain arte zuzenean behin betiko amai dadila esan ez badio ere, ebazpena babestuta, «zeharka» egin dio eskaera. «Zeharka, baina egin dio».
PSE-EEk konferentzian parte hartu izana «oso ondo» baloratzen duela esan du; «parte hartzea, entzutea eta eztabaidatzea beti dira beharrezko jarrerak, eta une honetan ezinbestekoak dira».
PPri buruz, «itxaropena» adierazi du, «buruek pribatuan adierazten duten jarrera apurka nagusitzen» joango dela uste baitu. «Konbentzituta nago PP ere badagoela prozesu honetan laguntzeko prest». Zehaztasunak eskatuta, «ETA amaitu ondoren ikusiko dugu», erantzun du.
Gizarteari «mugitzeko unea» iritsi dela esan dio. Eta, zein mobilizaziotan parte hartuko duen galdetzerakoan, «norbanakoek bakearekiko konpromisoa» hartu behar dutela azaldu du. «Nik badut 'bakea orain' ikurra», esan du, paparreko pina erakutsita.
Ebazpena bere egin du EAJk, agiriko puntuen ordenari eutsita
Gainontzeko neurriei eusteko lehenengo puntuak beteta behar duela ohartarazi du: ETA betiko amaitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu