EBBk Forondara deitu ditu jeltzaleak, «garai konplikatuan»

Ion Orzaiz - Gurutze Izagirre Intxauspe
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Euskadik berriro behar zaitu. Baita alderdiak ere». Militantzia aktibatzeko dei zuzena egin du EAJk, irailaren 24an egitekoa den Alderdi Egunaren karira. Alderdikideei gutuna igorri die Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, eta, bertan, Forondara joatera animatu ditu, «bereziki senide, lagunarte eta kuadrillarekin batera». Indar erakustaldia egin nahi du alderdiak hilaren 24ko ospakizunean, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute «Forondako zelaiak jeltzale eta abertzalez gainezka egotea».

Honako hau «garai politiko garrantzitsua eta oso konplikatua» dela aipatu du Ortuzarrek, idatziz igorri dien oharrean, «azken hauteskundeetan ikusi den bezala». Besteak beste, aipatzen ditu Espainiako Gobernua eratzeko negoziazioaz, Euskal Autonomia Erkidegoko legealdiaren amaiera eta udaberriko hauteskundeak. «Emaitza onak izan ditzagun, EAJ indartsua behar dugu, Euskadiko taula politikoan, Estatuan eta Europan indartsu eta sendo egongo den EAJ behar dugu». Alderdi Egunetik «indarberrituta eta datorrenari heltzeko indartsu» atera nahi dute jeltzaleek.

Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere garatu zuen atzo, sareetan, konbentzio konstituzionalari buruz egin duen proposamena. Urkulluk proposatu zuen Estatuaren barruan dauden lurralde auziei aterabidea proposatzeko asmoz Espainiako Konstituzioa berriz aztertuko duen konbentzio konstituzional bat eratzea.

«Euskaditik akordiorako bide bat urratzera» deitzen du lehenik. Horretarako, EH Bildu hitz egiteko prest zegoela berretsi zuen atzo berriz ere Nerea Kortajarena legebiltzarreko eledunak. Akordioa erdietsiz gero, «euskal erakundeen eta estatuaren arteko» itun batera iristea proposatzen du gero. Hori bateragarria ikusten du Gernikako Estatutua betetzeko eskaera berrestearekin, eta estatutik nazio auziei beste irtenbide bat emateko konbentzioaren sorrerarekin. Urtebeteko epean sortzea proposatzen du, korapilatua den nazioen auziari irtenbide bat emate aldera, gaia «usteltzerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.