EBri «inplikazio zuzena» eskatuko dio Gernikako Akordioak Estrasburgon

Gutun bat helaraziko diote asteartean, Espainia eta Frantzia gatazkaren ondorioei heltzera bultzatzeko

Gernikako Akordioaren sinatzaileak, atzo Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Urrats bat gehiago egitea erabaki dutela jakinarazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek, Espainiaren eta Frantziaren «immobilismoaren» aurrean bakea eraikitzeko konpromisoari «irmo» eusten dietela berrestearekin batera. Estrasburgora joango dira datorren asteartean, Europako Batasunari bake prozesuan «inplikazio zuzena» eskatzera. Urtebete baino gehiago igaro da iazko urriaren 17an Aieteko Bake Konferentzia egin zenetik, eta Gernikako Akordioaren sinatzaileek salatu dutenez, Euskal Herriko eragileek zehaztutako eskaerei erantzun gabe jarraitzen dute Espainiak eta Frantziak.

Aieteko lehen puntuari erantzunez, ETAk jardun armatua behin betiko eteteko erabakia jakinarazi zuen. Ondorengo puntuak, ordea, ez dira bete oraindik. Hori hala, hiru eskaera zehatz biltzen dituen gutun bat helaraziko diete Europako Batasuneko goi ordezkariei, Bilgune Feministako Joana Aurrekoetxeak azaldu duenez. Batetik, EBk Espainiako eta Frantziako estatuei «gatazkaren ondorioei aurre egiteko gonbidapen zuzena» egin diezaiela eskatuko diete, gatazken konponbiderako nazioarteko estandarrak oinarri gisa hartuz. Espainiak eta Frantziak gonbidapen horri erantzungo ez baliote, berriz, prozesu horren gidaritza EBk berak har dezan nahi dute. «Europako gatazka bat da Euskal Herrikoa, eta EB tartean dagoen erakunde bat da», adierazi du Aurrekoetxeak. Azkenik, EBk Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak betearazteko deia egin dezala eskatuko diete erakunde horretako ordezkariei, «estatuek giza eskubideak errespetatzeko eta salbuespen legeak bertan behera uzteko».

Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileen ordezkariak izan dira Donostian egindako agerraldian. Horietatik lau ordezkari joango dira Estrasburgora: Espainiako Kongresuan Amaiurreko diputatu Jon Iñarritu eta Maite Aristegi, Arabako Batzar Nagusietan Bilduko batzarkide Lorena Lopez de Lacalle eta LAB sindikatuko Igor Urrutikoetxea. Iragarri dutenez, Europako parlamentuan ordezkaritza duten taldeekin eta EBko hainbat kargudunekin bilduko dira Estrasburgon.

«Konponbideari muzin»

Aurrekoetxeak salatu du euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskakizunei «entzungor» egiteaz gain Espainiak eta Frantziak muzin egin diotela gatazka konpontzeko bideari. Bakerako eta normalizazio politikorako «itxaropen garaia» dela onartu arren, jarrera «immobilista» horren hainbat adibide ere eman ditu: «Polizia indarkeriarekin jarraitu dute, arrazoi politikoengatik atxiloketak egin eta espetxeratzeak agindu dituzte, salbuespenezko legedia mantendu dute eta tortura kasuak izan dira». Gainera, Gernikako Akordioaren sinatzaileek gogorarazi dute Espainiak ez dituela bete Estrasburgoko Auzitegiak kaleratutako epaiak ere, Ines del Rio presoaren helegiteari erantzunez Parot doktrinaren aurka kaleratu zuen epaia, kasurako.

Aurrekoetxeak salatu du giza eskubideak urratzen ari direla jokabide horrekin. «Gainera, gatazkak eta bere ondorioak pairatzen dituztenak Europako herritarrak dira» adierazi du, Euskal Herrikoa «Europako azken gatazka politikoa» dela nabarmenduta. Gainera, «zenbait arlotan EBk hartu duen jarrera zalantzagarria izan arren», giza eskubideen eta eskubide zibilen alde egitea haren «adierazgarri nagusietakoa» dela adierazi du. Hain zuzen, joan den urrian jaso zuen EBk Bakearen Nobel saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.