Edarietan eskopolamina azkar atzemateko gailu bat garatu dute EHUn

Sumisio droga bat da eskopolamina, eta sexu erasoak egiteko erabiltzen da. Gailua edarian sartu eta hamar minutuan ikus daiteke emaitza.

EHUko Microfluidics Cluster ikerketa taldeko Enrique Azuaje Hualde eta Isabel Poves Ruiz ikertzaileak. NURIA GONZALEZ / EHU
EHUko Microfluidics Cluster ikerketa taldeko Enrique Azuaje Hualde eta Isabel Poves Ruiz ikertzaileak. NURIA GONZALEZ / EHU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 30a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tabernan edo dantzalekuan edaria eskatu. Jaso. Likidoan gailu bat sartu, papertxo bat bustitzeko moduan. Hamar minutu itxaron, eta emaitza ikusi: ea edarian eskopolamina dagoen edo ez. Eskopolamina? Hartzen duen pertsonaren borondatea indargabetzen duen substantzia. Edarietara bota eta hura edaten dutenei sexu erasoak egiteko erabiltzen da.

Isabel Poves EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak gailu bat garatu du edarietan eskopolamina eta harekin lotutako konposatuak atzeman ahal izateko. Sistema «azkarra, fidagarria eta erabiltzeko erraza» dela nabarmendu du. Baita merkea ere. Begi hutsez ikus daiteke likidoaren azterketaren emaitza, laborategirik behar izan gabe. «Aurrerapauso nabarmena da sumisio kimiko bidezko erasoetan erabiltzen diren substantziak modu praktikoan detektatzeko», EHUren arabera. Poves doktoratu aurreko ikertzailea da EHUko Microfluidics Cluster ikerketa taldean, eta haren doktore tesiaren parte da ikerketa. Talde horrek garatu du gailua, eta Talanta aldizkari zientifikoan argitaratu du artikulua. Lourdes Basabe Desmonts Ikerbasque irakaslea da ikerketa taldeko burua. 

Eskopolaminak blokeatu egiten du pertsonaren nerbio sistema. «Bereziki arriskutsua da», eragin amnesiko, lasaigarri eta haluzinogeno handia duelako. Ez du kolorerik, usainik eta zaporerik. Beraz, eskopolamina hartuz gero, ez da ohartzen. Pertsonen sumisioa lortzeko eta haiei eraso egiteko erabiltzen da. Hala ere, gaur egun modu gutxi daude momentuan bertan atzemateko.

Laborategia poltsikoan

Eskopolamina atzemateko tresna eramangarriak eta merkeak falta direla ikusita, EHUko Microfluidics Cluster ikerketa taldea gailu bat garatzen hasi zen: paperean oinarritutako gailu mikrofluidiko autonomo bat. Tresna diskretua, eramangarria eta erabiltzeko erraza. Aparatuak gailu mikrofluidiko autopropultsatu bat du, eta paperezko euskarri bat. Papera likidotan busti eta erreakzio bat gertatzen da. Emaitza edozein izanda ere, erreakzioak kolore aldaketa eragiten du. «Gailua laginean murgildu behar da segundo batzuetan, eta hamar bat minutuan emaitza begi hutsez ikus daiteke, beste detektagailurik gabe», azaldu du Povesek, ikerketaren egile nagusiak. Prebentziorako tresna gisa baliagarria dela uste du. 

Normalean laborategietako tresneria erabiltzen da halako substantziak atzemateko. «Lehen, edari batean zerbait zegoen ala ez jakiteko, lagina laborategi espezializatu batera eraman behar zen, han aztertzeko», esplikatu du Povesek. Teknologia mikrofluidikoak, ordea, aukera berri bat zabaldu du lehen egin ezin zen analisi mota bat lekuan bertan eta momentuan egiteko. Teknologia mikrofluidikoaren funtsa da laborategian neurri handian egiten diren prozesuak «txikitu eta sinplifikatu» egiten dituela.

Prototipoa

Ikerketa taldeak garatutakoa laborategiko prototipo bat da. Ez dago salgai, eta ikusi beharko da zer bide egiten duen. Ikertzaileek ohartarazi dute laborategian lan asko dutela egiteko: «Gailu horietan hobekuntzak txertatzen jarraitu behar dugu, detekzio mailak, kolore aldaketak eta abar optimizatzezko».

EHUk aurreratu du kolorean oinarritutako erreakzioen sistemak aukera ematen duela farmako ugari atzemateko plataforma mikrofluidiko bat garatzeko. Eskopolamina atzemateko gailua Microfluidics Cluster ikerketa taldearen proiektu handiago baten barruan dago. Proiektu horren helburua da gailu bakar batean ahalik eta droga gehien atzematea. «Hau da», azaldu du EHUk, «drogak detektatzeko erreakzio kimiko ezagunak teknologia mikrofluidikoan integratzea eta diseinuak hobetzea, emaitza azkarrak lortzearen abantaila aprobetxatze aldera». Ez da talde horrek garatu duen horrelako lehen gailua: edarietan bentzodiazepinak detektatzeko gailu bat ere garatu dute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA