Edurne Brouard: «Ez dugu Amedoren erritmoan dantza egiteko asmorik»

Brouard Morcillok hil zuela salatu du Amedok auzitegian; hala izan arren, Amedo onuren bila ari dela dio familiak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Salaketa gogorra egin du Jose Amedo polizia ohiak Bilboko epaitegian: Santi Brouard 1984an tiroz hil zuena Luis Morcillo izan zela esateko frogak dituela adierazi, eta ustezko froga horien zati bat aurkeztu du Bilboko epaitegian: Morcillok Brouard tirokatu zuela aitortzen duen grabaketaren transkripzioa. 28 urte eta auzia argitu ez duten bi epaiketaren ondoren halako aitorpenekin etortzeak mindu egin du Brouarden familia. «Gure zoritxarrerako, aspaldi ezagutzen dugu Amedo, eta badakigu bere onurarako ari dela. Ez da ari egia plazaratu dadin edo justizia bila; onura pertsonalak lortu nahian ari da», azaldu dio BERRIAri HBko militante historikoaren alaba Edurne Brouard-ek. Hortaz, ez diotela «kasu egin nahi» dio. «Ez gara gu izango Amedori bizia emango diogunak. Ez dugu Amedoren erritmoan dantza egiteko asmorik».

Edurne Brouard seguru dago Amedok ondo dakizkiela 1984ko azaroaren 20 hartan gertatutakoaren nondik norakoak. Baina 28 urtean guztia argitzeko aukera asko izan dituela ohartarazi du. Areago, gogorarazi du 2003. urtean egin zen bigarren epaiketan, Amedo bera ere epaitua izan zenean, hari esker absolbitu zituztela Morcillo eta Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronela izandakoa. «Urte hauetan guztietan itzelezko gezurrak eta egia borobilak esan ditu Amedok, betiere bere interesen arabera».

Hortaz, auzia orain berriz pizteko nahiaren arrazoi bila jarrita, hainbat «hipotesi» darabiltza buruan Brouardek: «Izan daiteke berriro dirurik gabe gelditu izana eta hainbeste urtetan erabili duen mehatxuari heldu izana: edo dirua ematen didazue edo mingaina astintzen hasiko naiz». Dirua, estatuko diru bereizietatik edo «eskandaluetatik bizi diren komunikabideetan» adierazpen publikoak eginda jaso nahi duela iruditzen zaio.

«Espainiako egoera konbulsoan», PP eta PSOE elkar muturka ari diren eta PPren iruzur kasuak hizpide nagusi diren garaian, atentzioa desbideratu nahia ere egon daiteke Amedoren jarreraren atzean, Brouarden ustez. «Edo protagonismoa nahi duela eta fokuak behar dituela, besterik gabe», dio.

Edozelan ere, Brouardek ez du zalantzarik Morcillok zerikusi zuzena izan zuela bere aitaren hilketan, eta seguru dago tiro egin ziona bera izan zela. Masak eta Amedok berak ere parte hartze zuzena izan zutela ziurtzat du, eta Amedok epaitegian esan duena egia izan daitekeela. Baina, hori jakinda ere, ez du Amedoren jokoan erori nahi, eta, beraz, familiak ez diola hausporik emango azaldu du: «Epaileek sinesgarritasuna eman eta zantzuak ikusten badituzte, diligentziak egingo dituzte. Hala bada, epaileak abiatzen badu auzia, gu ere egongo gara akusazio gisa, guztia azken muturreraino argitzea nahi dugulako. Baina epaileak ez badu abiatzen, ez dugu guk egingo».

Gainera, auziari heltzeko egongo liratekeen aukerak ere ez daude argi, Morcillo, Masa eta Amedo bera epaituta eta absolbituta baitaude, eta delitua preskribatuta.

Morcillo eta Sancristobal

Epaitegiak jaso duen salaketaren arabera, Morcillorekin pertsonalki izandako hainbat elkarrizketa ezkutuan grabatu zituen Amedok, eta horien transkripzioak dira Bilboko auzitegian aurkeztu dituenak. 2011ko otsailekoa da zuzenena: «Zuk tirokatu zenuen Brouard?», galdetu zion Amedok Morcillori, salatzailearen arabera. «Bai, bai», erantzun zuen Morcillok. «Nik eman nion, eta beste lau tiro bularrean». Hilketa Julian Sancristobal Espainiako Segurtasun zuzendari zenak antolatu eta agindu zuela dio Morcillok, salaketaren arabera: «Nik hil nuen Brouard, eta Sancristobal jaunak agindu zidan egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.