"Egia, justizia eta ordaina" eskatu dituzte German Rodriguezen hilketaren 30. urtemugan

Omenaldi jendetsua egin dute Iruñean, oroitarriaren ondoan, eta Fermin Valenciak 'Hilarria' izenburuko abestia kantatu du. Gaur arratsaldean peñek minutu bateko isilaldia eginen dute zezen-plazan, eta 20:30ean manifestazioa izanen da.

2008ko uztailaren 8a
18:29
Entzun
Gaur dira 30 urte Espainiako Poliziak German Rodriguez iruindarra hil zuela Iruñean. Sanferminak ziren, festetako hirugarren eguna, eta, zezen-plazan izandako liskar handien ondoren, Orreaga etorbidean tiroz hil zuten hura. Liga Iraultzaile Komunistako (LKI) kidea zen, eta 23 urte zituen hil zutenean.

Harrezkero urtero gogoratu izan dute Rodriguez gaurko egunez. Gaur ere ez dute, beraz, hutsik egin, eta jende asko bildu da Orreaga etorbidean. 1978ko Sanferminak Gogoan plataformak, Iruñeko peñek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu dute omenaldia, eta 13:00ak pasa zirela hasi dute. Ekitaldian eremu kultural, artistiko eta sozialeko pertsonek eta taldeek hartu dute dute, eta bertsoak, kantak eta dantzak izan dira. Fermin Valenciak Hilarria izenburuko abestia kantatu du (abestia sanfermines78gogoan.org webetik har daiteke).

"Egia, justizia eta ordaina" eskatu ditu Miren Egaña 1978ko Sanferminak Gogoan plataformako kide eta Rodriguez zenaren lagunak.

Hain zuzen, Rodriguezen aldeko harria Orreaga etorbidean da berriro, irailetik. Iruñeko Udaleko osoko bilkurak irailean hala erabaki zuen, nahiz eta UPNk kontra bozkatu.

Gaur arratsaldean, peñek minutu bateko isilaldia eginen dute zezen-plazan, eta zezenketaren hasieran musikariek ez dute joko; amaieran, hilarritik pasatu ondoren, kalejira eginen dute. 20:30ean, berriz, manifestazioa. Eta 21:30ean San Fermin 78 bideoaren proiekzioa egingo dute: Zabaldin gazteleraz eta Euskal Herrian Euskaraz tabernan (Depor taberna) euskaraz.

Peñek salatu izan dute eraso hura ez zela halabeharrez izan. "Estatu hilketa izan zen". Haien aburuz, Espainiako Konstituzioari buruzko eztabaidan eta Nafarroaren etorkizunari begira ohartarazte bat izan zen ordukoa.

German Rodriguezen hilketa argitzeko eskatu zuten duela aste batzuk abokatuek. Zuzenbidearen arloko 67 profesionalek manifestua sinatu zuten Nafarroako erakunde publikoetan aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.