Egiari bidea irekiz: Argentinatik Euskal Herrira, Kolonbiatik igarota

'Abrir caminos' liburua aurkeztu dute Iruñean. Egileek aztergai izan dute zer bide egin duten hiru herrialde horietan memoriarako, egiarako eta justiziarako eskubideak erdiesteko.

Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 27a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentina, Kolonbia eta Euskal Herria. Eta galdera bat: «Nola irekitzen dira egiarantz eta justiziarantz egiteko bideak erakundeek biktimei behar bezala erantzuten ez dietenean?». Izan ere, hiru herrialdeek izan dituzte gatazka politiko bortitzak, eta hiruretan badira iraganaren gaineko memoria eta biktimen eskubideak lantzeko lanean ari diren erakundeak. Horien lanetatik ateratako ikasgaiak bildu dituzte Abrir caminos. Memoria, verdad y justicia liburuan (Bideak irekitzen. Memoria, egia eta justizia).

Iruñeko Plazara zentroan aurkeztu dute liburua Santiago Bereciartua koordinatzaileak, Carolina Villella Maiatzeko Plazako Amonen talde juridikoko koordinatzaileak, Alexandra Bermudez Euskal Herrian bizi den erbesteratu kolonbiarrak eta Ainara Esteran Egiari Zor fundazioko kideak. Liburuak 11 atal ditu, eta, besteak beste, justizia trantsizionalaren, estatu krimenen, nazioarteko justiziaren eta biktimek aitortzaren eta gizarte zibilaren parte hartzean duten tokiaren inguruko gogoetak bildu dituzte.

Egileek nabarmendu dutenez, Argentina da auziari heltzeko erreferente nagusietako bat, kontuan hartuta nolako ibilbidea egin duten giza eskubideen aldeko erakundeek diktadurako krimenen inpunitateari aurre egiteko. «Liburuak nabarmentzen du nola biktimen, senideen eta giza eskubideen aldeko erakundeen mobilizazioa ezinbestekoa izan zen justiziarako eskaera irekita mantentzeko».

Hortik abiatuta, Kolonbian eta Euskal Herrian egin diren urratsekin alderatu dute han egindako bidea. Xedea, azaldu dutenez, ez da errealitate historiko ezberdinak konparatzea, elkarrekin «elkarrizketan» jartzea baizik, «ikasgaiak, ezberdintasunak eta elementu komunak identifikatzeko». Hain zuzen, adierazi dute hori dela liburuak egin dezakeen ekarpenik handiena: «Normalean bananduta aztertzen diren esperientziak elkarrizketan jartzea».

Euskal Herriko esperientziari dagokionez, hari erreparatu dioten idazleen artean dira Arantza Urkaregi, Olatz Dañobeitia, Mari Luz Esteban, Ainara Esteran eta Paul Rios. Horiek, besteak beste, gatazkaren ondorioei erreparatzeko feminismoak egindako ekarpenak, Egiari Zor fundazioaren ibilbidea eta justizia trantsizionalaren erabilera landu dituzte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA