Egiari Zor elkarte memorialistak erakunde publikoei eskatu die bere egiteko NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Gobernuari giza eskubideen arloan egindako azken txosteneko gomendio guztiak. Hain zuzen, atzo jakinarazi zutenez, Espainiari ohartarazi zion tortura salaketek ez dutela preskribatzen, eta legea berrikusteko, hori hala izan dadin. Halaber, esan zion ere mekanismo independente bat sortzeko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dokumentutako tortura salaketak ikertzeko. Egiari Zor-ek garrantzitsutzat jo du nazioarteko erakunde batek hori guztia aitortzea.
«Pozgarriak eta itxaropentsuak dira batzordeak tortura delituari buruz egin dituen iritzi eta gomendio guztiak», dio oharrak. Izan ere, batzordeak kargu hartzen dio Espainiari indarrean duen legediari dagokionez, eta esaten dio «definizio desegokia» duela, «ezarria duen preskribatzeko epeak inpunitateari bide eman diezaiokeelako». Egiari Zor-ek bereziki garrantzitsutzat jo du propio aipatzea Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketetatik gora. «Hori, gure ustez, balio handikoa da; izan ere, KREIk [Kriminologiaren Euskal Institutuak] egindako tortura txostenei dagokienez erakundeei egiten diegun eskaera berresten du, txosten horiek tiradera batean sartuta jarrai ez dezaten. Txosten horiek zenbakiak ez ezik, zigorgabetasun osoz egindako krimenak ere jasotzen dituzte».
«Torturari buruz KREIk egindako txostenek, zenbakiak ez ezik, zigorgabetasun osoz egindako krimenak ere jasotzen dituzte»
EGIARI ZOR
Egiari Zor-ek hargatik uste du txostenak «inflexio puntu» izan behar duela, bai Espainiako Estatuan, bai Euskal Herrian, «non Ertzaintzaren esku 300 tortura kasu baino gehiago erregistratu diren, arduradunentzat inolako ondoriorik izan gabe».
Inpunitatea bertan behera utzi beharreko funtsezko elementu gisa jotzen dute, «hori guztia ez dela errepikatuko bermatzen duen bizikidetza esparruaren alde egin nahi badugu». Horregatik jotzen dute premiazkotzat txostenak jasotzen dituen gomendioak betetzea.
«Gaien larritasuna»
Txostenak zalantzarako tarte gutxi uzten du. Argi utzi du Espainiako Gobernuak etxeko lanak egiteko dituela, eta Egia Zor elkartearen arabera, «gomendioen irmotasuna, zalantzarik gabe, jorratzen dituen gaien larritasunaren ondorio da». Txosten horren ondorio horietako batzuek zuzenean eragiten diete estatuaren biktimei, beren-beregi aipatzen baitu txostenak egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeak izateko eskubidea.
NBEren txostena ez litzateke posible izango GEBehatokia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren aurreko lanik gabe. GEBehatokiko ordezkaritza bat hilaren hasieran izan zen Genevan, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak egoitza duen tokian, beste gizarte eragile batzuekin batera. Espainiako Estatuak egindako giza eskubideen urraketen berri eman zuen han. Hurrengo egunetan batzordeak Espainiako Gobernuaren ordezkaritza bat ere entzun zuen. Batzordeak bi aste pasatxora plazaratu zuen ondorioen txostena, eta GEBehatokiak aurkeztutako urraketen harira proposatutako gomendioak helarazi zizkion Espainiako Gobernuari. Egiari Zor-en ustez, «GEBehatokiak egindako lan serio eta iraunkorrak bide egin dio gai horiek batzordeak egindako ondorio eta gomendioen artean jasotzeari».