NBEk Espainiari esan dio legea berrikusteko, tortura salaketek preskriba ez dezaten

Aintzat hartu ditu Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketatik gora, eta Espainiari eskatu dio mekanismo independente bat sortzeko, kasu horiek ikertzeko.

Egiari Zor eta Behatokiaren agerraldi bat, Sorzabalei buruz Auzitegi Nazionalak emandako epaia baloratzeko. AITOR KARASATORRE / FOKU
Egiari Zor eta GEbehatokiaren agerraldi bat, Sorzabalei buruz Auzitegi Nazionalak emandako epaia baloratzeko. AITOR KARASATORRE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 18a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Torturari bide eman diezaiokeen mekanismo oro debekatzeko eskatu dio NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Gobernuari, horretarako legea berrikusi behar bada berrikusiz, eta azpimarratu dio tortura salaketek ez dutela preskribatzen. Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako tortura salaketak ikertzeko mekanismo independente bat sortzeko esan dio.

Uztailaren lehen astean entzun zituen batzordeak giza eskubideen arloan lanean diharduten erakundeak, Genevan (Suitza). Tartean zen GEbehatokia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia ere. Erakunde horiek helarazi zizkieten Espainiako Estatuan giza eskubideen alorrean dauden zenbait urraketa. Haiei erantzuteko eta batzordean defendatzeko aukera izan zuen Espainiako Gobernuko ordezkaritzak, baina haren erantzunek ez zituzten asebete NBEko Giza Eskubideen batzordekideak, ondorioen txostenean ikusten denez. Hamalau orriko txosten bat argitaratu du, hainbat ohartarazpen eginez. 

Txostenean Espainiari aitortzen badiote ere neurri batzuk hartu dituela torturaren prebentziorako, NBEri harrigarri zaio inkomunikazioaldiak modu sistematikoan ez grabatzea, eta kezkatzen du salaketek handik hamabost urtera preskribatzea, horrek inpunitateari bidea irekitzen diolako eta behar bezala ez ikertzea ekar dezakeelako. Hari horretatik tiraka, kezkagarritzat jo du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dokumentatutako 5.000 tortura kasu baino gehiago mahai gainean izanda, nola Estatuak, parte izan denez, ez duen abiatu ikerketa independente bat ikertzeko segurtasun indarren kontra egindako tortura eta tratu txar salaketak.

Horregatik eskatzen dio legedia berrikusteko, tortura preskribaezina izan dadin, eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Ituneko 7. puntua erabat bete ahal izan dadin. 

Bestetik, poliziek inkomunikazioaldiak osorik grabatzera behartzeko eskatu dio NBEk Espainiari.

Beste hainbat aholku ere helarazi dizkio, Espainiako Gerrari eta frankismoari dagozkionak. Espainiako gerran eta diktadura frankistan giza eskubideen alorrean izandako urraketa «larriek» ez dutela preskribatzen ohartarazi dio Espainiak NBEri.

Horren harira, iradoki dio diktaduran giza eskubideen urraketen aurka onartutako legeak indargabetu behar lituzkeela, eta 1977ko Amnistia Legea ere bai. Baita 1968ko sekretu ofizialen legea ere. Giza eskubideen urraketa horien egileak nor izan ziren argitzea, egia bilatzea, behartuta desagertutako pertsonak bilatzea eta memoria gordetzea. Hain zuzen, ikergai izan zuten iragan uztailean Naparraren kasua ere.

Bestetik, ohartarazi dute «segurtasun indarrek neurriz kanpoko indarra erabiltzen dutela bilera baketsuetan», eta hori gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzeko eskatu: besteak beste, poliziak neurriz kanpoko indarkeria erabili baldin badu auzi hori lehenbailehen ikertzea, «zorrotz eta inpartzialki». Ustezko egileak auzipetuak izan daitezela esan dio, dagokien zigorra jarrita eta biktimek kalte ordainak izanda.

GEbehatokiarentzat akuilu

GEbehatokiaren arabera, «NBEren txosten horrek agerian uzten du dagoeneko txosten ofizialetan jasotako 6.000 torturatu inguru izan direla, eta Estatuaren biktimek egia, erreparazioa eta justizia lortu beharra daukatela».

GEbehatokiak azpimarratu du batez ere krimen batzuen preskribaezintasuna nabarmendu izana, eta horren inguruan NBEk jarrera bat finkatu izana, bai eta ikerketa bat bultzatzea ere, egileak nor izan ziren jazartzeko. Izan ere, Raul Fuentesen eta Iratxe Sorzabalen auzietan horixe bera argudiatzen dute epaitegiek, tortura salaketak ez ikertzeko: torturak gertatu zirenetik denbora luzea igaro dela, eta dagoeneko preskribatuta daudela. Helduleku horrekin ixten dituzte auziak, eta, horrenbestez, NBEko Batzordearen txostenak ate bat irekitzen die ikertzeko dauden tortura salaketei.

GEbehatokiaren irudiko, «batzordearen jarrera hori Espainiako Estatuarentzat zartako oso handia da, eta bultzada ematen dio Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak zehaztutako jarduera ildoari, nazioarteko erakundeen gomendioekin bat eginez. Uste dugu beharrezkoa dela urrats sendoak egitea Giza Eskubideen Batzordeak adierazitako gaietan, estatuak urraketa larriak jasan dituzten biktimen eskubideak indarrean jartzeko eta bermatzeko aldaketa eraginkor eta efektiboa egin dezaten».

Ildo berean, esan du «erne eta zorrotz» jokatuko duela Espainiako Estatuak Batzordearen gomendioei zer erantzun ematen dien zaintzeko, eta orain arteko ildoan lanean segituko duela. Egindako lanaren aitortza gisa ere hartu dute Batzordearen txostena, aintzat hartu dituelako uztailaren hasieran Genevan Batzordean aurkeztutako eskaerak.

Batzordea aholku emailea da: Espainiako Gobernua ez dago behartuta aholkuak betetzera, baina presio bide bat izaten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.