«Estatu terrorismoa eta inpunitatea txanpon beraren bi aldeak dira», salatu zuen Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko bozeramaileak, atzo, Hernanin (Gipuzkoa) egindako agerraldi batean. GALek Justo Elizaran hil zuela 40 urte bete direla oroitarazteko bildu ziren hamarnaka lagun, eta Egiari Zor-ekoek azpimarratu zuten Elizaran ez ezik, beste hainbat eta hainbat lagun hil zirela «estatu terrorismoaren» ondorioz. Urte horiek guztiak pasata, eta bestelako agertoki politiko batean ere, ez alderdiek ezta Frantziako eta Espainiako Gobernuek ere, inolako ardurarik hartzen ez dutela salatu, eta gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin «egia, aitortza, justizia eta erreparazioa» eskatu zituen Mikel Salvadorrek. Txaloz hartu zituzten hitz horiek han bildutakoek, tartean, Elizaranen sendiak.
Bideo bidez gogoratu zituzten Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriak eragindako ondorioak: «Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra», salatu zuen Muguruzak. Tartean, ATE, GAE, Triple A, Batallon Vasco Español eta GAL aipatu zituzten. Fundazioaren arabera, gerra zikinaren ondorioz hildakoak 78 dira, guztira.
Salvadorrek deitoratu zuen heriotza horien guztien eta eragindako minaren erantzukizuna ez duela inork hartu: «Inork ez du oraindik bere gain hartu horren larriak diren gertakarien ardura». Horregatik, fundaziokoek esan zuten «unea» dela delitu horien arduradun «zuzen eta zeharkakoak» nor diren argitzeko. Besteak beste, eskatu zuten oraindik artxibatuta dauden kasuak argitzeko dokumentu ofizialak argitara emateko.
«Berriro gertatu ez dadin»
Gaur gaurkoz, «estatu terrorismoaren» biktimek aitortzarik ez dutela salatu zuen Muguruzak, eta eskatu zuen «biktimen arteko mailaketarik» ez egiteko, eta heriotza horiek guztiak ere aintzat hartzeko, pasatutakoa «berriro ez gertatzeko».