Esteban Gonzalez Pons Espainiako PPko Komunikazio arloko idazkariordeak PSOEri eskatu dio Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea kargutik ken dezala, "terroristen laguna dela dioenak eta Arnaldo Otegiren alde deklaratuko duenak ezin duelako postu horretan egon".
Gonzalez Ponsen iritziz, Egiguren Euskal Herriko PPko kargua balitz dagoeneko ez zen bertan izango. "PSOEko eta PSEko buruzagitzek era berean jokatuko dutela espero dugu".
Soraya Saenz de Santamaria PPk Kongresuan duen bozeramaileak, berriz, PSOEri galdetu dio ea Egiguren al den PSEko buru izateko "pertsonarik egokiena".
El Mundo egunkariak ere eskatu du hura kargutik erretiratzeko. "Egigurenek lehenbailehen utzi beharra du PSEko presidentzia edo alderdiak kargua uztera behar beharko luke", zioen kazetak igandeko editoralean.
Igandean laSexta telebista kateko Salvados programan Egigurenek aitortu zuen aurreko bake prozesuan ETArekin izandako elkarrizketetan Josu Urrutikoetxea ezagutzera heldu zela eta elkarrekin-eta bazkaldu izan zutela. Ez zuen esan, ordea, laguna duenik. PSEko presidenteak aste honetan Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketan defentsaren lekuko gisa deklaratuko du; legeak behartzen du horretara.
Egiguren gaur ez da izan Legebiltzarreko ekitaldian
Jesus Egiguren legebiltzarkidea ez da gaur biktimen alde Eusko Legebiltzarrean egin duten ekitaldian izan. Ramon Jauregi PSEko kide eta Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak garrantzia kendu dio gertaerari. "Arrazoi pertsonalengatik ez da joan, eta ez da irakurketa politikorik egin behar", esan du Jauregik.
Egiguren astelehen gauean ETB2ko Plato 2.0 saiora joatekoa zen elkarrizketa egitera, baina ez zen azaldu. Saioko aurkezleak esan zuen "azken orduko ondoeza" izan zuela Egigurenek.
Honek aurreko egunean laSextan esandako batzuek polemika handia piztu dute (saioa osorik hemen). "Euskal legealdi honetan bukatuko da [ETAren] indarkeria", "hemen ez dago besterik, ez da beste prozesurik izango. Abenduan hitz egingo dugu; orduan emango du ETAk su-eten egiaztagarria, ezker abertzaleak alderdia sortzeko estatutuak aurkeztuko ditu...", "lurrikara gertatzen ari da ezker abertzalean, eta Batasunak erabakita du politika baino ez egitea. Barne eztabaidaren ondoren Batasunak agintzen du eta ez ETAk" edota "Euskadin bizikidetza lortzea nolabait errazago izango da" esan zuen Salvados-en.
poliTIKA
Egiguren PSEko presidente kargutik kentzeko eskatu du PPk
"Terroristen laguna dela dioenak eta Otegiren alde deklaratuko duenak ezin du postu horretan egon", esan du Gonzalez Ponsek. PSEko burua ez da gaur Eusko Legebiltzarreko ekitaldian izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu