Legealdi bat martxan jarri, gobernu programa bat garatu, eta emaitzak ikusi nahi izateko, lau urte behar dira, administrazioaren erritmo geldoek agintzen dutelako. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan Cristina Ibarrola UPNko hautagaitik 3.000 botora geratu zen Joseba Asiron, EH Bildukoa. UPNk azken urteetako emaitzarik apalenak eskuratu zituen Iruñeko Udalerako, eta indar aurrerakoiek eskura zuten bat egitea, alkatetza Asironen esku uzteko.
Maiatzaren 28ko bozetan, Nafarroako Gobernurako boto kutxetan UPN gailendu zen, 88.000 bozekin. PSN izan zen bigarren indarra, 65.000 botorekin, eta, atzetik, EH Bildu 55.000rekin eta Geroa Bai 42.000rekin. Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin batera, gehiengoa zuen bloke aurrerakoiak. Maiatzaren 28ko gau hartan pentsatzekoa zen Iruñean ere bloke aurrerakoiak gidatuko zuela udala, baina biharamunean eman zuen ezustekoa Pedro Sanchezek. Hauteskundeetan Espainian alderdi sozialistak izan zuen gainbeherari ustekabeko bira eman zion: uztailaren 23ra aurreratu zituen Espainiako Gorteetarako bozak. Urte amaierara arte luza zitekeen legealdia eten zuen. Bat-bateko albiste horrek alderdi guztiak berriz kokatzera behartu zituen. Beste kanpaina batera begira jarri behar izan zuten estrategia guztia, udalak eta Nafarroako Gobernua eratzeko negoziazioak irekita zeuden bitartean.
Alderdi sozialistak gero eta gehiago normalizatu du EH Bildurekiko harremana, eta horren lekuko da Pedro Sanchezek lehen aldiz hartu izana Mertxe Aizpurua EH Bilduko Madrilgo eleduna Moncloan, inbestidurako negoziazioen barruan egin zituzten bileretan. Baina, urruti diruditen ekain-uztail haietan, eskuin muturraren oldarraldi handia izan zen, eta, udal eta foru hauteskundeen ostean, gorakada nabarmena izan zuten, Euskal Herritik kanpo batez ere. Espainian udal eta erkidegoetako zenbait gobernu eskuratu zituzten PPk eta Voxek, elkarri eskua emanda. Testuinguru hartan, udal hauteskundeak izan, eta hogei egun zituzten udalak eratzeko. Nafarroako Gobernua eratzeko, berriz, hiru hilabete.
Alderdi sozialista uztailaren 23rako hauteskundeetan murgildu zen udal eta foru hauteskundeak igaro eta biharamunean, eta, estrategia guztia hara bideratuta, ez zegoen prest Iruñean EH Bilduri alkatetza errazteagatik Gorteetarako hauteskundeetarako izan zezakeen kostu politikoa onartzeko. EH Bilduk esan zuen eskuina aginte tokietan egon ez zedin egin beharrekoa egingo zuela. Udalak eratu ziren ekainaren 17an, eta PSNk ez zuen pausorik egin UPNri alkatetzarik kentzeko. Eskuinari eman zion giltza, bai Iruñean, bai beste hainbat udalerritan ere; Eguesibarren eta Lizarran, kasurako.
Alderdi sozialista ekainean ez zegoen prest onartzeko EH Bilduri alkatetza errazteagatik kostu politikoa izan zezakeela Gorteetarako hauteskundeetarako.
EH Bilduk ez zuen txintik ere esan. Gorteetarako kanpaina betean, Nafarroako Gobernua negoziatzen segitu zuten. Uztailaren 23ko bozak pasatu ziren, eta, eskuin muturrak emaitza onak lortu bazituen ere, ez zuen gehiengo osorik eskuratu. Horrek beste ortzimuga bat ireki zuen. Bloke aurrerakoiak ere bazuen aukerarik.
Testuinguru hartan, hauteskundeak pasatu ostean egin zuten Maria Txibite lehendakari abuztuaren 15ean, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioari esker.
Bien bitartean, Iruñean Cristina Ibarrolak gidatu du udala, UPNren barne borroka betean, izan duen gainbeherarengatik, eta zentsura mozioaren marmarra etenik gabea izan denean.
Iruñeko Udalerako aurrekontuen gaineko eztabaidara iristeko betarik gabe utzi beharko du aginte makila Ibarrolak, gehiengo aurrerakoiak oraingoan akordioa egin eta beste legealdi bati atea irekiko diolako. Ezin zen gehiago itxaron, egitekotan azkar behar zuen, legealdiari aukera bat emateko.