Egokiera ona oraingoa izango dela uste du Joseba Egibarrek

Baztertu egin du udal eta foru hauteskundeen ondoren PSE-EErekin eta PPrekin hitzartzea

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Iraganean bakea lortzeko beste aukera batzuk egon badira ere, zapuztu egin dira, Joseba Egibar EAJren GBBko lehendakariaren ustez. Horrek etsipena eragin du, eta une honetan aukera berriari begira «ez dago lehen egondako ilusiorik». «Hala ere, konpromisoetan ezagutzen ari diren edukiak kontuan hartuta, uste dut egokiera ona oraingoa izango dela», adierazi du Egibarrek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. Egibarren iritziz, eragile nagusiek jakinarazi dituzten datuen arabera, prozesuak ez du «atzera bueltarik». «Estrategia politiko-militarraren zikloa azkenotan dagoelako irudipena dago», azaldu du. ETAren hurrengo agiriari dagokionez, Bruselako Adierazpenari eta Gernikako Akordioari baiezkoa erantzuten badio, «albiste garrantzitsua» izango dela ziurtatu du.

Josu Erkoreka EAJko diputatua, berriz, Egibar baino ezkorrago azaldu da ETAren balizko agiriaren harira. Ezker abertzaleak bake jokaleku baten alde egindako apustuaren irmotasuna aitortu badu ere, zalantza agertu du ETAk egin dezakeenaren inguruan. «Azkenean, ETAk dioenak du benetako pisua, eta beste batzuetan ETAk indargabetu duelako ezker abertzalea».

«Etsai elektorala»

Egibarrek udal eta foru hauteskundeetako gaia ere jorratu du aipatutako elkarrizketa horretan. Haren ustez, EAJk argi dauka ez duela hauteskundeen ondoren hitzarmenik egingo ez PSE-EErekin ez PPrekin, «etsai elektorala» direlako. Ahal duten guztietan indarrak bildu egingo dituztela uste du Egibarrek. Ezker abertzaleak «fitxa legalizatuta» eduki behar duela ere gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.