Egonkortu da datua: Iparraldeko ikasleen %67k ez dute harremanik euskararekin

2025eko irailean Ipar Euskal Herrian eskolatutako ikasle gehienek frantses hutsean ikasten dute. Txikienen artean, apaldu egin dira sail elebiduneko datuak, osoki euskaraz aritzen diren ikasgelen mesedetan.

Haur talde bat, 2025eko eskola sartzean. PATXI BELTZAIZ
Haur talde bat, 2025eko eskola sartzean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025-2026ko ikasturtean ere frantsesa da nagusi Ipar Euskal Herriko irakaskuntzan. Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak abenduan emandako datuen arabera, ama eskolatik lizeorainoko ikasleen %67,6k ez dute inolako harremanik euskararekin. Funtsean, iazko hein berean dira datuak, gutxi gorabehera. Txikienek dute gehien ikasten euskaraz, baina adinean aitzinean joan ahala, Seaskako ikastetxeak dira euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten kasik ikastetxe bakarrak. Emaitzak urrun dira Euskararen Erakunde Publikoak 2050erako finkatu dituen helburuetatik.

Hiru eredu daude Ipar Euskal Herrian: hezkuntza publikoa, pribatu katolikoa eta ikastolak. Seaska da hezkuntza prozesu osoan euskarazko murgiltze eredua proposatzen duen bakarra. 39 ikastetxe ditu: Lehen Mailako 33 ikastola, bost kolegio eta lizeoa —2027ko irailean ireki gogo dute bigarren lizeoa Donapaleun (Nafarroa Beherea)—. Orotara, 4.263 ikaslek dute izena emana ikastoletan (%8,37). Duela urte batzuk ikastola berriak sortuz izan zuten hedapen fasearen ondotik, egonkorturik daude gaur egun. 

Publikoan eta pribatu katolikoan, frantses elebakarra da nagusi. Maila guziak kontuan hartuta, 34.448 ikasle dira frantses hutsean ikasten ari direnak Ipar Euskal Herrian (%67,6). Horren alboan, sail elebiduna eskaintzen dute. Teorian, oren parekotasunean oinarritzen da, hau da, hizkuntzez aparteko ikasgaien erdiak euskaraz egiten dituzte, eta beste erdiak, frantsesez; baina Lehen Mailan baizik ez dute errespetatzen oreka hori. Kolegiotik landa, sail elebidunean ere pixkanaka apaltzen doa euskarari emana zaion tokia, eta lizeoan biziki urria da. 9.402 ikasle daude sail elebidunean izena emanda (%18,45). 

Azken hogei urteetan salto kualitatibo bat eman dute sail elebidunean, osoki euskaraz ari diren ikasgelak irekitzen hasi baitira ama eskoletan, hau da, 3 eta 5 urte arteko geletan —%100 euskaraz—. Lehen mailako lehen urtera ere hedatu da zenbait lekutan, baina bazterrekoa da oraindik. Orotara, 1.784 ikasle dira sare publiko eta pribatuan osoki euskaraz diharduten ikasgeletan daudenak (%3,5). Deigarria da bilakaera, iazko datuekin alderatuta elebidunaren apaltze bat suma baitaiteke ama eskolan, osoki euskaraz diren ikasgelen mesedetan. Azkenik, badira euskara hautazko ikasgai gisa edo iniziazio gisa hartua dutenak: 1.058 dira denera. 

2050erako helburua

2004an EEP Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenetik, euskarazko irakaskuntzaren garapenean eman dituzte indar nagusiak. Emaitza baikorrak izan ditu horrek: anitz emendatu da euskarazko irakaskuntzaren eskaintza, eta baita osoki eta partez euskaraz ikasten dutenen kopurua ere. Oro har, eskolen %66k eskaintzen dute aukera euskaraz nolabait ikasteko —murgiltze ereduan ala elebidunean—. Hala, ama eskolan sartzen diren ikasleen kasik erdiek euskarazko irakaskuntza mota batean ematen dute izena. 

Kolegiora iritsi arte, euskarazko irakaskuntzaren datuak nahiko altuak dira. Ama eskolan, erdia baizik ez da frantses elebakarrean dena; Lehen Mailan, %30,4 eredu elebidunean da, eta %10,1 murgiltzean. Bigarren Mailan, gainbehera handia dute euskararen datuek. 

Datu horiek biziki urrun dira EEPk jarritako helburuetatik. 2050ean Ipar Euskal Herriko euskal hiztun kopurua %30era iristeko erronka finkatzea onartu zuen abenduko biltzar nagusian. Hipotesi hori gauzatzekotan, ama eskolan euskarazko irakaskuntza hasten dutenek %70 izan beharko lukete 2037an. Horrez gain, kolegio bukaera arte euskarazko irakaskuntzan jarraitu beharko luketenen kopurua ere neurtu dute: %60 izan beharko luke 2028an, hogei urte geroago %80ra heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.