Eguberrietako loteria: 219,3 milioi euro jokatu, 16 milioi euro tokatu

Sari nagusiak 8,8 milioi euro utzi ditu Hego Euskal Herrian, eta kopururik handiena Zarautzen partitu dute. Bosgarren sari batek, berriz, 5,4 milioi banatu ditu Bilbon.

Espainiako Eguberrietako loteria
Bosgarren saria ospatzen, Bilbon, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2023ko abenduaren 22a
18:15
Entzun

Ohi bezala, jokatutakoa baino askoz ere diru gutxiago itzuli da Hego Euskal Herrira: guztira, 219,3 milioi euro gastatu dira, eta hamasei milioi euro inguru tokatu dira—. Pertsona bakoitzak, batez beste, 76,7 euro gastatu ditu loterian. Bizkaitarrak dira loteria zaleenak, pertsonako 100,94 euroko gastua egin baitute; Gipuzkoan, 63,25 eurokoa; Araban, 58,26 eurokoa; eta Nafarroan, 58,24 eurokoa.

Aurtengo Espainiako Gabonetako loteriaren zozketak beste urteetan baino diru gutxiago utzi du Hego Euskal Herrian: guztira, hamasei milioi euro inguru banatu dira. Hala ere, sari nagusiak, 88.008 zenbakiak, kopuru handiak utzi ditu: guztira, 8,8 milioi euro. Horietatik 4,8 Gipuzkoan, 2,4 Bizkaian eta 1,6 Nafarroan.

Lehen sariaren kopururik handiena Zarauzko Eroski merkataritza guneko loteria administrazioan banatu dute: 3,2 milioi euro; zortzi dezimo saldu dituzte han. Sariaren beste hiru dezimo saldu dira Donostian eta Iruñean. Errenterian (Gipuzkoa), Bilbon, Barakaldon, Ermuan, Etxebarrin, Ortuellan (Bizkai) eta Cordovillan (Nafarroa), berriz, dezimo bakarra saldu da.

Zozketan zorte gutxien izan duen euskal lurraldea Araba izan da, bigarren sariko —58.303 zenbakia— 125.000 euro eskuratu dituzte Gasteizen; dezimo bakarra saldu da. Hirugarren eta laugarren sariek, berriz, ez dute dirurik utzi Hego Euskal Herrian.

Hala ere, euro gehien bosgarren sariak banatu du: Bilboko Ledesma kaleko loteria administrazioak 5,4 milioi euro banatu ditu. Getxoko Algorta auzoan ere bosgarren zenbakiaren saria ospatu dute, 900.000 euro irabazita.

Irabazitako dirua kobratzeko dezimoa bera edo saritutako zenbakiaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Esku dirutan edo Bizum bidez jaso ahalko dira 2.000 euro baino gutxiagoko sariak loteria administrazioetan. Sari potoloagoak baimendutako finantza erakundeetan (BBVA eta Caixabank) bakarrik kobratuko dira.

Aurten, iazko kopuruekin alderatuta, euro gutxiago banatu dira Hego Euskal Herrian, 90 milioi euro inguru irabazi zituzten loteriazaleek 2022an. Sari nagusia 45 aldiz egokitu da Hego Euskal Herrian: hogei urtetan Bizkaian, hamabost urtetan Gipuzkoan, zortzitan Nafarroan eta hirutan Araban. Bitxikeria moduan, aurtengo sari handiaren zenbakia inoiz baino beranduago jakin da. Loteriazaleek 13:15 arte itxaron behar izan dute zenbaki saritua zein zen jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.