Urtea hastearekin batera, ohikoak izaten dira osasun arduradunen deiak jendea odola ematera animatzeko. Aurten ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dei hori egin diete herritarrei. Sailak gogorarazi duenez, ohikoa da opor garaian odol ematea jaistea, eta, urtero bezala, amaitu berri diren Gabonetan ere hala gertatu da. Aurten, baina, beherakada horretan eragina izan duen beste faktore bat dago: gripea. Azaldu dutenez, abenduan gripeak goia jo zuen —beste urte batzuetan baino lehenago— eta, beraz, gaixo egon diren askok ezin izan dute odolik eman hilabete osoan. Bi faktore horien ondorioz, erreserbak bereziki baxu daude odol talde guztietan.
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gogorarazi duenez, odola ematea da oraindik ere modu bakarra transfusiorako edo plasmatik eratorritako medikamentuak egiteko osagai ugari lortzeko, eta ezinbestekoak dira osasun jardueran. Horiek erabiltzen dira eguneroko tratamenduak eta ebakuntza kirurgikoak egiteko eta paziente kroniko eta larrien arreta bermatzeko.
Horrexegatik eskatu dute herritarren laguntza, «bai behin edo behin odola eman dutenena, bai eta urratsa egitekotan egon diren baina oraindik egin ez dutenena ere». Azaldu dutenez, «egunero 400 odol emate inguru behar ditugu» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen diren beharrak asetzeko.
Horrekin lotuta, gogora ekarri dituzte zeintzuk diren odola emateko baldintzak: 18 eta 65 urte bitartean izatea, osasun egoera onean egotea —arnasbideetako birusen bat izan dutenek 15 egun itxaron behar dute— eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Lekuei dagokienez, puntu finkoez gain, unitate ibiltariak ere izaten dira hiru lurraldeetan. Xehetasun guztiak odol emaileen webgunean eta Euskadiko Odol Emaileak elkartearen sare sozialetan daude.
2025ean, 79.000 odol emate baino gehiago
Iaz, 46.418 emailek 79.107 odol emate egin zituzten EAEn; gehienek urtean bitan edo gehiagotan eman zuten. Hala ere, Osasun Sailak nabarmendu du beste 6.599 emaile ere batu zirela. Gogorarazi dutenez, donazio bakoitzak beharra duten askori lagun diezaieke; izan ere, odola hainbat osagaitan banatzen da premia medikoei erantzuteko: tratamendu onkologiko, ebakuntza eta larrialdietarako, eta gaixotasun akutuak edo kronikoak dituzten pazienteentzako medikamentuak egiteko.