Euskal Herrian demokraziarik ez dela ezagutu uste dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak. «Benetako trantsizioa» egiteko eskatu dute, hala, «herri honek egoera demokratikoa ezagut dezan, lehen aldiz». Trantsizio hori gerta dadin, kultura politiko desberdinek politikaz hitz egiteko elkarrizketak abiatzea ezinbestekotzat jotzen dute, «gatazkaren haziak» diren bi korapiloak askatzeko: Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea. Akordioa lortzea litzateke elkarrizketa horien helburua; gero, herritarrek erreferendum bidez onetsiko luketen akordioa.
Gaur egungo esparrua aldatu behar da, hiru alderdi horien iritzian. Atzoko egunez ospatzeko ezer ez zegoela nabarmendu zuten, hain justu, autonomia estatutua baita aldatu beharrekoa, haien iritzian. Estatutua onartu zen eguna jaiegun izendatuz, estatutu hori «berpiztu» nahi izan dute PPk eta PSEk, Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zuten hiru alderdien ustez. Eta hori, «herri hau atzeraka mugiarazi nahi izatea» bezala dela ulertzen dute. Azpimarratu dute, ordea, bi alderdi horiek ere badakitela «esparru berria» behar dela. «Errealitate birtualean» egotea egotzi diete, eta ohartarazi diete atzerako bide horretan jarraitu nahi badute ez espero izateko inork jarraituko dienik; «beraien oinarriak ere ez dituzte engainatzen honezkero».
Estatutuaren egunean, hura «gaindituta» dagoela esateko eta «porrot egin duela» nabarmentzeko, prentsaurrekoa eman dute hiru alderdi horietako kideek, «ospatzeko ezer ez» dagoela iritzita. Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria joan ziren ezker abertzaletik, Pello Urizar eta Ikerne Badiola EAtik, eta Oskar Matute zein Amaia Agirresarobe Alternatibatik.
Egungo esparru juridiko politikoak ez dituela herritarren nahiak eta beharrizanak asetzen nabarmendu zuten. «Herritarrak banatu» egiten dituela, eta erabakitzeko eskubidea «urratzen» duela. Herritarrek nahi dutena proiektu politiko guztiak defendatu ahal izateko esparru bat behar dela esan dute. «Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarritzen denesparru demokratikoa. Eskubide guztiak oinarri izango dituena». Esparru berri horrek, aldaketa politiko eta sozialaren zerbitzura egon behar duela uste dute.
Beren ustez, PSOEren eta PPren interesei erantzuten die Estatutua ospatzeak. Salatu dutenez, bi alderdi horiek «faltsututako eta tranpaz jositako gehiengoa» darabilte Legebiltzarrean, baina «gehiengo sozialak» bi alderdi horiek mantendu nahi duten esparrua aldatzea nahi du. Izan ere, estatutua «errealitate nazionalaren ukapenaren erakusle nagusia» delakoan daude. Oraina eta geroa politikoki, ekonomikoki eta sozialki baldintzatu ere egiten du estatutuak, Ugarteburuk agerraldian esan duenez.
Gernikako Estatutuaren urteurrena
Egungo esparrua aldatzeko, elkarrizketak abiatzeko deia egin diete alderdiei
«Herri honek egoera demokratikoa» ezagut dezan «benetako trantsizioa» behar dela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu