Eguzki eklipsea (III). Eguzkia eta Ilargia

Eguzkia eta Ilargia: zeruko agintariak

Badira 4.500 milioi urte Eguzkiak eta Ilargiak argi egiten dutela. Eguzkia 400 aldiz handiagoa da Ilargia baino, eta, modu jakin batean elkartzen direnean, eguzki eklipseak sortzen dira.

Eguzkia eta Ilargia. BERRIA
Eguzkia eta Ilargia. BERRIA
Julen Urrestarazu
2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Lurreko agintari nagusiak dira Eguzkia eta Ilargia. Haiek erabakitzen dute noiz hasten den eguna eta noiz gaua. Zerua noiz argituko den eta noiz ilunduko. Lurretik ikusita, tamaina bera dutela dirudi, tartekatuz doazen bi esfera direla, baina ez da hala: Eguzkia 400 aldiz handiagoa da Ilargia baino; Eguzkia, ordea, 400 aldiz urrunago dago Lurretik Ilargia baino. Modu jakin batean elkartzen direnean, eguzki eklipseak sortzen dira.

1

Eguzkia: energia sobran duen izar bat

695.700

Eguzkiak 695.700 kilometroko erradioa dauka. Lurra planeta halako 330.000 beharko lirateke Eguzkiak adina pisatzeko, eta bolumena betetzeko, Lurra halako 1,3 milioi.

Zer tenperatura dago Eguzkian?

Eguzkiaren nukleoan, hamabost milioi gradu zentigraduko tenperatura dago. Fotosferan, hau da, Eguzkiaren gainazalean, 5.982 gradu zentigradura jaisten da tenperatura. Eguzkiaren atmosfera nukleotik urrunago dago fotosfera baino, eta, halere, han bi milioi gradu zentigradura igotzen da tenperatura.

1.392.000

1.392.000 metro inguruko diametroa dauka Eguzkiak.

Nola sortu zen? 

Eguzki nebulosaren barnean sortu zen Eguzkia, gas eta hautsezko hodei birakari erraldoi baten barnean. Nebulosa kolapsatuz zihoan bere grabitatearen pisuan; hori dela eta, nebulosa gero eta azkarrago biratzen eta lautzen hasi zen, disko bihurtu arte. Nebulosaren material gehiena erdigunera joan zen, eta Eguzkia sortu; gainerako materialak, berriz, Eguzkiaren inguruan orbitan biraka dabiltzan planetak eta beste objektu batzuk osatu zituen.

150.000.000

150 milioi kilometro daude Lurretik Eguzkira. Donostiatik Sydneyra (Australia) 8.584 joan-etorri egin beharko lirateke. Hau da, 23 urte eta erdiz egunero egin beharko litzateke Donostiatik Sydneyrako eta Sydneytik Donostiarako bidaia.

Noiz itzaliko da Eguzkia?

5.000 milioi urte gehiago iraungo duela aurreikusten dute NASAko zientzialariek. Izar guztiak bezala, Eguzkia energiarik gabe geratuko da denborarekin. Hiltzen hasten denean, Eguzkia izar gorri erraldoi bihurtuko da, eta hedatuz joango. Aurreikusi dute Merkurio eta Artizarra irentsiko dituela eta, beharbada, Lurra ere bai. 

4.500 milioi

NASAko zientzialarien arabera, 4.500 milioi urte inguru ditu Eguzkiak. Gainera, uste dute iraunaldiaren erdira iristear dagoela.

Zer elementuk osatzen dute Eguzkia? 

Eguzkiaren barnealdean dauden eremuak nukleoa, eremu erradiatiboa eta eremu konbektiboa dira. Kanpoaldean, ordea, hauxek: fotosfera, kromosfera, trantsizio eremua eta koroa —Eguzkiaren kanpoko atmosfera hedakorra—. Elementu kimikoei dagokienez, Eguzkia hidrogenozko eta heliozko esfera erraldoi bat da, bere grabitatearen bidez lotuta mantentzen dena. Oxigenoa, karbonoa, nitrogenoa, silizioa, magnesioa, neona, burdina eta sufrea ere hauteman dituzte zientzialariek Eguzkian.

274

Eguzkiaren lurrazalean, 274 m/s²-ko grabitatea dago. Haren grabitateak eguzki sistema batzen du, hau da, planetak eta sisteman dauden satelite eta objektu guztiak bere orbitan egonarazten ditu.

Eguzkiak badu errotaziorik? 

Eguzkiak bira egiten du, bai. Ez da solidoa, baina plasmak haren lurrazalean duen mugimenduagatik egiten du bira. Batez beste, Eguzkiak 27 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko. Nolanahi ere, Eguzkiaren eremuak zein bere abiaduran mugitzen dira: ekuatorean daudenek 24 egun behar dituzte ardatzari bira emateko; kanpoaldean daudenek, berriz, 30 egun baino gehiago.

200.000

Eguzkiak igorritako argi izpi batek zortzi minutu behar ditu Lurrera iristeko. Baina horren aurretik, izpi horren protoiaren energiak 200.000 urte behar ditu nukleotik lurrazalera iristeko, Eguzkiaren barneko prozesuak direla eta. Beraz, hondartzan hartutako eguzki izpien protoiak duela 200.000 urte sortu ziren.

Zer fasetan dago Eguzkia? 

Gaur egun, Eguzkia fase egonkor batean dago: fusio nuklearraren —hidrogenoa eta helioa fusionatzen dira beroagatik— kanpo presioa orekatuta dago Eguzkiaren grabitatearen barne presioari esker.

%99,86

Eguzkiak dauka eguzki sistema osoko materiaren %99,86. Gainerako materiak planetak osatzen ditu, sateliteak, izarrak eta abar.

Fotosfera solidoa da?

Fotosfera ez da solidoa; Lurrean eta beste planeta harritsuetan, ordea, bai. Fotosfera argi gehien igortzen duen geruza da, hau da, Lurretik ikusten dugun argia fotosferatik igortzen da.

4.000

Eguzkiak Lurrean kontsumitzen den baino 4.000 aldiz energia gehiago emititzen du. Segundo batean, Eguzkiak lau milioi tona materia bilakatzen ditu energia. Gainera, Lurrak hamar minutuan eguzki erradiazio nahikoa jasotzen du mundu osoko urtebeteko kontsumo elektriko guztia asetzeko.

2

Ilargia: iluntasunean argia eta bolbora

3.476

Ilargiaren diametroa 3.476 kilometro da. Lurraren diametroaren halako lau gutxiago, gure planetak 12.742 kilometro baititu.

1737,4

Ilargiaren erradioa 1.737,4 kilometro da.

Nola sortu zen Ilargia?

Ilargiaren sorrerari buruz gehien onartzen den azalpenaren arabera, Marteren tamainako arroka batek Lurra jo zuen duela 4.500 milioi urte, eguzki sistema sortu eta gutxira. Lurretik eta talkatik ateratako hondakinak metatu eta Ilargia osatu zuten, planetatik 384.000 kilometrora. Ilargia urtuta zegoen sortu zenean; ehun milioi urte beranduago, «magma ozeano globala» kristalizatu egin zen. Hori dela eta, dentsitate gutxiko harriek gorantz flotatu zuten, eta harri horiek Ilargiaren azala osatu zuten.

384.400

384.400 kilometro daude batez beste Lurretik Ilargiraino: gutxienez 363.000 kilometro inguru daude, eta gehienez 405.500 inguru. Hemezortzi aldiz egin behar da Iruñetik Buenos Aireserako joan-etorria, eta Iruñetik Buenos Airesera beste bidaia bat egin beharko genuke distantzia hori egiteko.

Zerk osatzen du Ilargia?

Nukleoak, mantuak eta azalak osatzen dute Ilargia. Eta elementu kimiko hauek: oxigenoa, silizioa eta magnesioa. Gainera, burdina, aluminioa, kromo arrastoak, titanioa eta magnesioa ere badaude Ilargian.

300

Ilargian 300 gradu zentigraduko aldea egon daiteke gehieneko eta gutxieneko tenperaturen artean: Eguzkiak zuzenean jotzen badu, 127 gradu zentigraduko gehieneko tenperatura egin dezake; iluntasunean, ordea, tenperatura -173 gradu zentigradukoa izan daiteke.

Badago sumendirik Ilargian?

Ilargiak badauzka sumendiak, baina milioika urte dira itzalita daudela.

1,62

Ilargian 1,62 m/s²-ko grabitatea dago. Lurrean dagoen grabitatea halako sei gutxiago da; beraz, Ilargian halako sei gutxiago pisatuko luke gizaki batek, esaterako. Grabitate apala dela eta, ez dago atmosferarik Ilargian, ez baitago nahikoa grabitate gas partikulak gainazalean atxikitzeko.

Badago lurrikararik Ilargian?

Ilargian badago lurrikararik, edo ilargikararik. Lurraren eragin grabitatorioak eragiten ditu. Ilargikarek ordu erdi inguru iraun dezakete, baina lurrikarak baino ahulagoak izaten dira.

27,3

27,3 egun behar ditu Ilargiak Lurraren orbitari itzuli osoa emateko.

Badago urik Ilargian?

Ilargian badago ura. Indiaren  Chandrayaan-1 misioan Ilargian ura zegoela jakin zuten 2008an, hidroxilo molekulak aurkitu baitzituzten Ilargiaren gainazalean sakabanatuta eta poloetan kontzentratuta. Frogatu dute Ilargiko lurrazalean hidratazio globala dagoela. Horrez gain, jakin dute ur izoztuko kontzentrazio handiak daudela itzalean dauden poloetako leku batzuetan.

10.786

Ilargiko mendirik garaiena Everest baino altuagoa da: Selenean summit edo tontor selenita 10.786 metrora dago. Beraz, Everest baino 2.000 metro gehiago ditu ia, eta Ilargiaren alde ezkutuan dago. NASAren Lunar Reconnaissance Orbiter espazio zundako taldeak aurkitu zuen.

Zer kolore dauka Ilargiak? 

Ilargiaren lurrazala grisa edo marroia da, lekuko osagaien arabera. Lurra planetatik, ordea, zuria, horia edo gorrixka ikusten da, Lurreko atmosferarekin dituen interferentziengatik.

400

Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa da, baina Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz gertuago dago Lurretik. Ezaugarri horien ondorioz sortzen dira eguzki eklipseak noizean behin.

Nola sortzen dira kraterrak?

Ilargian 1.600 krater inguru daude erregistratuta. Ez dago atmosferarik; beraz, edozein motatako talkak izan daitezke Ilargian. Historian zehar meteorito ugarik jo dute Ilargiaren lurrazala. Kraterrez gain, milaka lautadak, itsasok eta mendik osatzen dute satelitearen orografia.

3,8

Urtero, Ilargia 3,8 zentimetro inguru urruntzen da Lurretik. Mende batean 3,80 metro mugitzen da, hau da, auto baten luzera adina mugitzen da Ilargia ehun urteetan.

Zer usain du Ilargiak?

NASAren Apollo 11 misioko astronautak Lurrera itzuli zirenean, bolbora errearen usainaren antzekoa nabaritu zuten haien trajeetan, ekipoetan eta Ilargiko laginetan. Ilargiak, ordea, ez du airerik, eta astronautek traje berezietan zuten oxigenoa arnasten zuten. Ilargiaren laginek, ordea, ez daukate usainik Lurrean. Uste dute usain hori Ilargiko hautsaren eta aireko oxigenoaren arteko aldi baterako erreakzio kimiko baten ondorio izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA