Batasunak eta ABk osatzen duten koalizioa, EH Bai, Ipar Euskal Herriko hirugarren indar politikoa bihurtu zen igandean, PS eta UMP alderdien gibeletik. 11.518 boz ukan zituen, duela bost urte baino 842 boz gehiago eskuratuta. Gainera, oraingoan EA ez da aurkeztu EH Bairen barnean, Amalur koalizioarekin baizik —Europe Ecologie-Berdeekin batera osatu du—. Oraingoan, EAJk hautagaiak aurkeztu ditu laugarren eta bosgarren hautesbarrutietan, 2007an ez bezala. Datorren igandeko bigarren itzuliari begira, EH Bairen hautua erabakigarria izanen da hiru barrutietan PS eta zentro-eskuinaren arteko lehian eragiteko.
Ehunekoari dagokionez, Biarno eta Ipar Euskal Herriaren parte bat uztartzen dituen laugarren hautesbarrutian lortu ditu emaitzarik onenak EH Bai koalizioak. Hautesbarrutian Anita Lopepe hautagaiak 3.492 boto bildu ditu, 79 Biarnon eta 3.492 Ipar Euskal Herriko eremuan (%13,75). Duela bost urteko emaitzekin alderatuta, 127 boz irabazi ditu.
Bosgarren hautesbarrutian %5eko heina gainditzea lortu du EH Baik, urte luzeotan erronka gaindiezina izan denari eutsiz. Laurence Hardouinek 2.626 boz ukan ditu abertzaleentzat historikoki zailena izan den hautesbarrutian. Duela bost urteko emaitzekin alderatuta, abantzu laurehun boz gehiago eskuratu ditu oraingoan, %4,15etik %5,28ra pasatuta.
Seigarren hautesbarrutian ere emaitza onak lortu ditu EH Baik; Peio Etxeberri-Aintzartek 5.400 boz erdietsi ditu, botoen %10etik hurbil geldituta. Duela bost urteko hauteskundeekin konparatuta, abantzu hirurehun boz gehiago lortu ditu.
Ororen buru, abertzaleek indarrak biltzea saritu dute. EH Baik lortu dituen emaitzak abertzaleen arteko elkarlana indartuko du geroan ere bai, ABko sektore batzuetan izandako zalantzak indargabetuta.
Zaila da jakitea EAk Amalur koalizioari ekarri dion boz kopurua, baina, duela bost urteko emaitzekin erkatuta, eragina biziki apala izan dela erran daiteke. EAJk ere ez du bere parioa lortu. Jean Telletxeak989 boz ukan ditu seigarren hautesbarrutian(%1,79), eta Pako Arizmendik 422 (%1,7) laugarrenean, EH Bairen emaitzetatik urruti. Alta, alderdi abertzaleek indarrak bilduta, emaitzak hobetu egin dituzte, eta abertzaleak funtsezko indarra izan daitezkeela erakutsi dute.
PSren deia
Adierazgarria da igandeko emaitzak eskuratu bezain laster PSk EH Bairekin biltzeko ukan duen prestasuna. Bigarren itzulirako jarrera aztertzeko asmoz, biltzeko eskaria egin dio EH Bairi Pierre Cheret departamenduko PSko idazkari nagusiak. Hautagaiek ere ez dute denborarik galdu. Laugarren hautesbarrutian Frantxua Maitia PSko hautagaiak boza «ezkerrari emateko» eskatu dio EH Bairi. Eskari bera egin du Barthelemy Agerre Jean Lassalle hautagai zentristaren aldeko boza eskatuz.
EH Baiko ordezkariak bart bildu ziren lehen itzuliko emaitzen azterketa burutzeko eta bigarren itzulirako jarrera ebazteko.
Michele Alliot-Marie UMPko hautagaia lehen atera da seigarren hautesbarrutian, baina sostengua beharko du hautagai sozialista garaitu nahi badu. Adierazgarria da Frantziako Barne eta Justizia ministroa izandakoa horren egoera estuan atzematea. Egoera txarragoa du Jean Grenet Baionako auzapez eta UMPko hautagaiak.
EH Bairi boza eman dioten ezkerreko abertzaleek ez diote boto ugari emanen Alliot-Marieri, baina PSko hautagaiek egindako hainbat hautuk gaindiezina egin dezakete abertzaleen eta sozialisten arteko adostea. Adibidez, Akitanian zein Pauen sozialistek AHT xedeari eman dioten sostengua. AHT xedeak eragin handia du seigarren barruti horretan.
Biltzeko prest
Euskal Herria Bai koalizioak Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzulira pasatu diren hautagaiekin biltzeko prestasuna azaldu du, oraindik erabakirik hartu ez duen arren. Jean François Lefort Batasuneko kideak gogoratu du EH Bairen gai nagusiak Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, konponbide prozesua, euskararen ofizialtasuna eta eredu sozioekonomikoa direla eta horiei buruz beste alderdiekin aritzeko prestasuna dutela. Hala ere, aitortu du PS eta UMPrengan «konfiantzarik» ez dutela.
Hautestontzietan bozak zenbatzen dira, baina EH Baik zenbatzen ez den bertze garaipen bat lortu du, alegia, Ipar Euskal Herrirako instituzioaren gaia hauteskunde kanpainako eztabaida eta mahai inguru guztietan presente egotea. Geroari begira, puntu garrantzitsuenetarikoa izanen da heldu diren hilabete eta urteetan, Hautetsien Kontseiluan burutzen ari den eztabaidak erakusten duen bezala. Sozialistek arlo horretan ukan dezakete oinarria, baina abertzaleek adierazpenetatik urrunago joatea eskatuko diete, proposamen zehatzetan engaiatuz.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko emaitzak
EH Bai hirugarren indarra da, eta eskuan du bigarren itzulirako gakoa
EH Bai koalizioak gora egin du hiru hautesbarrutietan, eta duela bost urte baino zortziehun boz gehiago lortu dituSozialistek hitzordua eskatu diete EH Baiko hautagaiei iganderako jarrera aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu