Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Espainiako politikaren jarduera bizkor eta zalapartatsuaren erdian eman ditu azken sei urteak Iñaki Ruiz de Pinedok (Gasteiz, 1954). Erretiroa hartuta, eguneroko lasaiagoa du orain etxean. Madrilen aldean leku lasaia baita Zalduondo (Araba): jende olderik ez da han, eta okina ere etxeko atariraino etortzen zaio. Pauso bat atzera egin, eta hirugarren lerroko politikan dihardu orain, herrigintzan; politikan egindako bide luzearen azken geltokia du hori. 1980an, Herri Batasuneko Eusko Legebiltzarreko kide izendatu zuten, eta joan den urtera arte EH Bilduren diputatu izan zen Espainiako Kongresuan. Iazko otsailean eman zion erreleboa EH Bilduko diputatu gisa Mikel Oterori.
Urtebete da lehen lerroko politika utzi zenuela. Erreparatzen al diozu oraindik?
Tira, ez dut politika guztiz utzi; jarraitzen dut EH Bildurekin lanean: herriko koordinatzailea naiz. Eta tarteka joaten naiz kanpora, bileraren bat baldin badut edo.
Beste maila batean, beste abiadura batean, beste ardura batzuekin...
Bai, lasaiago. Gutxiago bidaiatu behar dut orain. Baina, ez pentsa, tokiko mailan ere badago lana. Jende asko ari da lanean, bai herrian, bai Araban eta bai Euskal Herrian. Eta, ikusi dudanagatik, oso baikorra naiz.
Baikorra, zergatik?
Jendeak gauzak egiteko duen grinagatik. Askotan aipatzen da gero eta zailagoa dela jendea mugiaraztea, baina belaunaldi berriak prestatuago datoz formakuntzari dagokionez, eta lan egiteko ilusioz ikusten ditut.
Ibilbide politiko luzea izan duzu zuk. Zer esango zenioke politikari hasiberri horri?
Ez dut uste aholkurik behar dutenik. Baina, bat ematekotan, esango nieke ilusioz heltzeko eta beldurrik ez izateko. Eta ardurak hartuko badituzte, neurtzeko, eta partekatzeko etxean dituztenekin. Garrantzitsua da militantzia edo dedikazio politikoa behar pertsonalekin bateratzea, irauteko ezinbestekoa baita sostengua izatea inguruan, dela lagun artean, dela familian. Hori gabe zaila egiten da aurrera egitea.
«Garrantzitsua da militantzia edo dedikazio politikoa behar pertsonalekin bateratzea, irauteko ezinbestekoa baita sostengua izatea inguruan»
Eta hori jakinda, zuk aldatuko zenuke zerbait zure ibilbide politikoan?
Gauza batez damu naiz: euskara ikasteko tarte bat hartu ez izanaz. Esan nuen erretiroa hartzean ikasiko nuela, baina oraingoz ez dut aukerarik izan. Dakidan guztia neure kabuz ikasi dut, belarriz eta irakurriz, baina hutsune bat izan dut hasieratik eta hori aldatuko nuke. Erraztasunez idazteko edo hitz egiteko falta zaidan gaitasun hori lortu nahiko nuke.
Nola hasi zitzaizun politikarekiko interesa pizten?
Ez dut inoiz izan ardura instituzionalak izateko gogorik, baina betidanik izan dut politikarekiko interesa. Etxean beti hitz egin izan dugu politikaz, txikitatik. Kuriositatea, interesa eta gauzak egiteko nahia izan ditut beti, eta inguruak berak eraman ninduen militantziara. Gazte-gaztetatik sartu nintzen EAJko Euzko Gaztedin, 15 urterekin. Gero, PCE Espainiako Alderdi Komunistan ere egon nintzen bolada batez, HASIn ere bai, eta Herri Batasunaren antolakuntza sortzeko beharra zegoela ikusita, ba, hori ere egin genuen. Baina zerbait naturala izan zen, ikusten genuelako zerbait egin behar zela.
Frankismoaren azken urteak ziren orduan.
Diktadura zela eta, errepresioa handia zen, deskulturizazioa ere bai, euskara desagertuta zegoen praktikoki Gasteizen... Testuinguru horretan mugitu nahi genuen, aurrera egin.
EAJn hasi zinen militatzen gazte garaian. Nolatan?
Ba, ia oharkabean. Jabetzen zara zerbait egin behar dela, eta etortzen zaizu norbait esanez behar zaituztela, eta ez diozu ezetz esaten. Garai haietan aukera handirik ere ez zegoen, egia esan. Behin barruan zaudenean, ikusiz eta ikasiz joaten zara zer erakunde dauden, zer mugimendu… Eta joaten zara zure bidea eginez.

Bide horrek eraman zintuen gero HASI sortzera?
Hala da. Lehenik, EAS —Euskadiko Alderdi Sozialista—. 1974an izan zen hori, 20 urte nituen orduan, eta sei bat urte neramatzan militantzian. Bilbora joan nintzen ikastera, eta aukera izan nuen han sortzen ari zen mugimendura batzeko. ETAk erabaki zuen politikoki antolatu behar zela, prestatu behar zirela alderdi politikoak, erreforma bat etortzen bazen ere. Eta horrela sortu genuen EAS. Gero, Iparraldeko HASekin —Herriko Alderdi Sozialista— fusionatu ginen, eta hortik sortu zen EHAS —Euskal Herriko Alderdi Sozialista—. Eta hor ja buru-belarri aritu nintzen HASIren —Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea— sorreran.
Eta, ohartzerako, hauteskundeak. Eusko Legebiltzarra eratu berria zen politikagintza instituzionalean hasi zinenean. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Niretzat luxu bat izan zen Herri Batasuneko eta haren Mahai Nazionalean zegoen jendearekin harremana izatea. Harreman estua izan nuen, adibidez, Telesforo Monzonekin. Bera Arabako zerrendaburua zen, eta ni, bigarrena. Berarekin egin nuen kanpaina osoa, herriz herri; haren emazte Josefarekin. Zorte handia izan nuen Miguel Castells, [Iñaki] Esnaola, Txomin Ziluaga eta maila horretako jendea ezagutu izanarekin; ni gaztetxoa bainintzen. Eta, tira, militante asko ezagutzeko aukera ere izan nuen. Madrilgo kongresurako egin nuen azken kanpainan, aukera izan nuen berriro orduko oroitzapenak gogora ekartzeko. Oroitzapen politak ditut.
Oso kritiko zineten urte haietan, ordea, eta ez zenuten legebiltzarrean parte hartzen.
Erabaki hori hartu genuen salatzeko parlamentu hark ez zuela Euskal Herria bere osoan ordezkatzen. Eta hori salatzeko modurik ikusgarriena parlamentuan parte ez hartzea zen. Begira, aurrekoan Telesforo Monzonen bizitza irakurtzen ari nintzen, eta jartzen zuen ez zela joan legebiltzarreko sortze ekitaldira, Gernikara, gaixo zelako. Baina horregatik zen, hori salatzeko; irmoki defendatzen zuen berak ezin genuela instituzio hori nazio mailakotzat hartu.
Gero, hala ere, hasi zineten parte hartzen, eta bozeramaile ere izendatu zintuzten 1987an.
Bai, gero tarteka joateari ekin genion; batez ere, erakusteko beste aukera batzuk ere bazirela.
Gaur egungo jardunarekin alderatuta, oso desberdina izango zen garai hartakoa.
Bai, noski. Garaiak oso desberdinak ziren, eta testuinguruak ere bai. Urte asko igaro dira, eta egoera asko aldatu da. Egokitu behar da. Gauzak beste modu batera egin zitezkeela? Beti egongo da horretaz eztabaidatzeko aukera. Baina garai bakoitzak bere ezaugarriak eta beharrak ditu, eta orain beste fase batean gaude. Garrantzitsuena da Euskal Herriak jakin duela egokitzen, eta erakutsi duela eutsi egiten diola bere eskubideak defendatzeko grinari.
«Guk ezin genion ETAri bide bat inposatu, baina erakutsi behar genion zer egoera ari zen sortzen. Hala ere, argi nuen ez genuela zatiketarik eragin nahi»
Geroztik, utzi eta ekin, txandaka ibili zara politikan. Gutxienez bi alditan utzi duzu aurreneko lerroa.
Bi arrazoi daude horren atzean: pertsonala eta politikoa. Alde batetik, beti pentsatu dut ardura instituzionalak etxekoekin bateratu behar nituela; ezin nuen bizitza osoan hor egon, eta profesionalki ere garatu behar nuen, autonomia ere izateko. Horregatik utzi nuen lehenbiziko aldian, eta unibertsitatera itzuli nintzen. 2000. urtean berriz itzuli nintzen Euskal Herritarrok alderdiarekin. Baina irekitzen ari ziren bideak itxi egin zituen estatuak, eta gure mugimenduak ere bai. Hori dela eta, pentsatu nuen ez zuela merezi bertan jarraitzea, eta dimisioa aurkeztu nuen.
Zergatik? Zer bide ikusten zenituen zuk orduan?
Bada, mantendu behar zela 2000n Euskal Herritarrok-ekin zabaldu zen batasun hori. Baina, horretarako, borroka guztiak pixka bat moldatu behar ziren. Espiritu edo praktika hori oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta ez hainbeste borrokak eta aurrez aurrekoak erradikalizatzea. Guk ezin genion ETAri bide bat inposatu, baina erakutsi behar genion zer egoera ari zen sortzen. Egia da ETA ere itsu ez zegoela, denborarekin ikusi den moduan. Hala ere, argi nuen ez genuela zatiketarik nahi. Inportantea da albo batera egiten jakitea zeure burua eroso ikusten ez baduzu, trabarik ez egiteko. Eta horixe egin nuen nik.
Euskal politika izugarri aldatu da tarte horretan. Gaur egungo talaiatik nola ikusten duzu egoera?
Hegemonia politikoak guztiz aldatu dira. Ezker subiranista gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta horrek eragin du aurkakotasuna ere indartzea, batez ere, eskuin faxistaren aldetik. EAJn ere mugimenduak eragin ditu horrek; aurkari politiko gisa, kontraesanak areagotzea ekarri du, eta eman beharreko pausoak ez ematea. EH Bildu erreferente zabala bilakatzen ari da, bere garaian HBri gertatu zitzaion bezala, esango nuke. Herritar askok ikusten du jada aldaketarako tresna eraginkor gisara. EH Bildu sentimendu bat ordezkatzen ari da gaur egun, eta, aldi berean, hainbat mugimendu. Izan ere, zailtasunak zailtasun, mugimendu berri bat ari da sortzen gizartean, proiektu nazional bat eratu edo birpentsatuko duena, eta arlo politikoan EH Bildu ari da hori ordezkatzen.

Araba ere asko aldatu da, politikoki eta sozialki.
Aldaketa izugarria izan da. Euskara askoz gehiago entzuten da, adibidez. Ni txikia nintzenean, Otxandiotik edo Eskoriatzatik erosketak egitera etortzen zirenek hitz egiten zuten euskaraz. Baina ikuspegi politikoan ere izan da aldaketarik.
Abertzaletasuna handitzen ari da Araban?
Abertzaletasuna asko handitu da azken hogei urteetan. Eta badago herritar multzo handi bat igual bere burua independentistatzat jotzen ez duena, baina, demokrata den aldetik, jabetzen da subiranotasun handiagoa behar dugula gizarte moduan ditugun askotariko arazoei erantzuteko. Eta hori oso inportantea da.
Alderdi abertzaleen arteko harremana elkarlanetik urrun dago, ordea.
Lehia handia dago, baina nik ondo ikusten dut elkarlanerako EH Bildu egiten ari den ahalegina. EAJren aldetik, berriz, erresistentzia handiagoa sumatzen dut. Madrilera heldu nintzenean, sorpresa hartu nuen ohartzean ekinbideak elkarrekin egiteko aukerarik ez zegoela, nire asmoa baitzen elkarlan hori ahal zen neurrian bultzatzea, Arabako Errioxako ardoari edo Trebiñuri lotuta, adibidez. Baina, inuzentea ni, ez baitzen posible izan. Eta horrekin badut halako sentimendu garratz bat. Zeren beste erremediorik ez dugu izango, dela hauteskundeak PSOEk irabazten baditu, dela PP eta Vox gobernura heltzen badira. Errealitateak erakutsiko digu gutxieneko kolaborazio bat beharko dugula; merezi du gutxienez saiatzea konfiantza esparru bat eratzen, desadostasunak desadostasun, Bergaran ikusi zen bezala.
«Errealitateak erakutsiko digu gutxieneko kolaborazio bat beharko dugula [EH Bilduk eta EAJk]; merezi du gutxienez saiatzea konfiantza esparru bat eratzen»
Espainia aipatu duzunez, zer giro sumatzen da han? Nora doa?
Nik bi errealitate ikusi ditut: fatxen gorakada eta erreakzioa. Ni ez naiz oso ezaguna, baina, Oskar Matuterekin edo Mertxe Aizpuruarekin joatean, jende asko hurbiltzen zitzaigun agurtzera eta eskerrak ematera EH Bildu egiten ari den politika dela eta. Eta niretzat sorpresa izan zen hori. Horrekin zera esan nahi dut, Voxek eta PPk zabaltzen duten mehatxua sumaturik sektore asko mugitzen ari direla. Ilusioa galdua zuen jende bat da, eta uste dut erreakzio bat etor daitekeela hortik. Zaila da, eskuinak eta eskuin muturrak baliabide asko dituztelako. PSOEk ere baditu bere ezintasunak eta hanka sartzeak, baina nik ez dut dena galdutzat ematen. Nik baikorra izan nahi dut. Eta, tira, PPk eta Voxek irabazten badute, hemen prestatu beharko dugu, ahal dugun neurrian erantzuteko.
Kongresuko azken hitzaldian gizarte berdinzaleago eta justu baten aldeko aldarria egin zenuen. Hori izan da zure iparra politikan?
Bai, betidanik; nire gaia izan da unibertsitatean, eta politikan ere bai: soldata duinena, errenta sozialarena, pobreziarena… Beti borrokatu naiz benetako berdintasuna eta inklusioa lortzeko. Kongresuan landu nuen lehenengo gaia eutanasiarena izan zen. Ezberdintasunak arlo guztietan baitaude, eta heriotzan ere bai. Elkartasuna, berdintasuna, horiek elementu inportanteak dira zoriontsu izateko. Elkartasunean sortzen dira esperientzia onak, eta horixe mantendu behar dugu, hori baita herrien itxaropena.
Eta, alderantziz, baduzu egin nahi baina egin ezinik gelditu zen zerbait?
Etxebizitzaren arazoarekin badut arantza txiki bat. Saiatu naiz askotan neurri eraginkorrak sustatzen, baina oraindik falta zaigu. Orain ari dira bideratu nahian, baina urteak daramatzagu atzerapenarekin. Zeren krisi hau orain dela 40 urte sortu zen. Eta, zoritxarrez, krisia gainditzeko urteak beharko ditugu. Herrian ere horrekin ari gara, baina oso zaila izaten ari da erantzun praktiko bat ematea.
soslaia
Iñaki Ruiz de Pinedo soziologoa da ikasketaz, eta EHUko irakasle lanetan aritu zen. Era berean, lau hamarkada baino gehiago eman ditu politika instituzionalean joan-etorrian. Gazte ekin zion militantzia politikoari, eta horrek eraman zuen Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan Herri Batasuneko Arabako zerrendan aurkeztera; hamalau urte egin zituen han. Legebiltzarkide soilik ez, Gasteizko Udaleko alkategai eta zinegotzi ere izan zen gero. Erretiroa hartu aurretik, berriz, Espainiako Kongresuan egin zituen azken urteak, EH Bilduko diputatu.