EH Bildu: «Gobernuak lanari ekin behar dio»

PSE-EE eta EAJ hedabideen bitartez «borrokan» aritzea gaitzetsi du koalizio subiranistak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza berria «ahal bezain azkar» osatu behar da «dialektika alderdikoi eta interesatuetatik harago», Euskal Herria Bilduk atzo nabarmendu zuenez. Era berean, PSE-EE eta EAJ «hedabideetan borrokan ibiltzea» gaitzetsi zuen, eta lanari ekitekoeskatu zuen, haiek Eusko Legebiltzarrean proposamenak aurkeztuz hasi diren bezala.

Koalizioaren izenean, Maribi Ugarteburuk, Joseba Gezuragak, Josu Murgiak eta Diana Urreak agerraldia egin zuten Bilbon, eta jarduneko Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta EAJkoek boterea eskualdatzeko ostegunean egin behar zuten baina bertan behera geratu zen bilerari buruz ere mintzatu ziren.

Ugarteburuk gobernu berria berehala martxan jarri beharko litzatekeela azpimarratu zuen. Deitoratu egin zuen legegintzaldia abiatzeko dauden epeak luzeegiak izatea: «Duela hilabete egin ziren hauteskundeak, eta kreditatu eta Legebiltzarreko Mahaia aukeratu besterik ez dugu egin».

«Itxaronaldia luzeegi egiten ari zaigu, bereziki egun dugun egoera sozioekonomikoa hain larria izanda», adierazi zuen Ugarteburuk. «Gobernuko sailak ahal bezain laster osatu behar dira, eta gobernu berria lehenbailehen jarri behar da abian, talde politikoen dialektika alderdikoi eta interesatuez harago».

«Lanerako ordua»

PSE-EE eta EAJren arteko «liskar mediatikoari», dena den, garrantzi handirik ez zaiola eman behar esan zuten koalizioko kideek; «ohituta gauzkate». «Orain lan egiteko garaia da, hitz egitekoa eta edukien gainean hitzartzekoa», azpimarratu zuen Ugarteburuk, «lehentasuna egun dugun egoera larria iraultzeak izan behar baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.