Eusko Legebiltzarrerako bozak

EH Bildu hasia da ezkerreko eragileekin biltzen, «alternatiba eraikitzeko»

UGTrekin batzartu da gaur, Bilbon. Harremana izan nahi du eragile progresista guztiekin.

UGTko ordezkariak —ezkerrean— eta EH Bildukoak, gaur, Bilbon.
2020ko uztailaren 21a
16:40
Entzun

«Alternatiba progresista eraikitzeko» helburua izanda, EH Bilduk bilera sail bat hasi du ezkerreko alderdiekin eta sindikatuekin, lehendabizi UGTrekin bilduta. «Egoerari buruzko diagnostikoak kontrastatzea» da haren asmoa; datozen egunetan Ahal Dugu, ELA, LAB eta CCOOrekin ere batzartuko da, eta PSE-EErekin harremanetan da. EH Bildu gaur elkartu da EAEko UGTrekin, haren egoitza nagusian, Bilbon, eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Maddalen Iriarte Jaurlaritzarako lehendakarigaiak eta Unai Urruzuno legebiltzarkide hautatuak osatu dute haren ordezkaritza. UGTren buru Raul Arza idazkari nagusia izan da. Otegik azaldu du espero duela hemendik aurrera  «normala eta ohikoa» izatea halako harremana edukitzea UGTrekin.

«[Eusko Legebiltzarrerako] Hauteskunde gauean esan genuen hemen aldaketaren aroa jaio dela edo martxan egon daitekeela, eta horrek eskatzen du ezkerreko eta progresista diren ildo guztiekin gutxienez harremana izatea. Ikusiko da etorkizunean akordioak egongo diren ala ez», adierazi du Otegik bileraren ondoren, hedabideen aurrean. Hala, alternatiba eraikitzeko, guztiekin hitz egiteko prestasuna du EH Bilduk, Otegiren esanetan. UGTrekin «luze, serio eta sakon» hitz egin du gaurko batzarrean, eta COVID-19ak eragindako krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioari buruz mintzatu dira. Ezkerreko talde subiranistak uste du egoerak elkarlanean aritzea eskatzen duela, «ezinbestean», eta «irtenbidea ezkerretik» etorriko dela.

EAJk eta PSE-EEk osa dezaketen Eusko Jaurlaritzari kritika egin dio Otegik, «ez delako ez abertzalea eta ez sozialista izango», eta galdetu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak «giltza» zergatik eman behar dion «politika neoliberalak egingo dituen alderdi bati [EAJri]». «Parlamentuak jokoa ematen du gauza batzuetarako». Gogoratu du EH Bilduk, PSE-EEk eta EPk 37 legebiltzarkide lortu dituztela, eta «EAJk, 37ri irabazteko, 38 behar ditu, eta horretarako Vox behar du».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.