Eusko Legebiltzarrerako bozak

EH Bilduk alternatiba bat osatu nahi du «ezkerretik eta subiranismotik»

Koalizioa LAB sindikatuarekin batzartu da, krisiari aurre egiteko neurriez aritzeko. Nabarmendu dute ondorioak ez dituztela «langileek» ordaindu behar.

LABeko ordezkariak —ezkerrean—, eta EH Bildukoak, gaur, Bilbon. BERRIA
2020ko uztailaren 23a
14:08
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, EH Bilduk bilera sorta bat hasi du ezkerreko eragileekin, «alternatiba eraikitzeko» asmoz. UGT sindikatuarekin batzartu ziren asteartean, eta LABekin elkartu dira gaur, sindikatuaren Bilboko egoitzan, koronabirusak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiari aurre egiteko politikak «kontrastatzeko». Bileran, «diagnostiko partekatua» egin dute, eta alderdiak eta sindikatuak nabarmendu dute krisiaren ondorioak ez dituztela «langileek» ordaindu behar. Zerga politika berria eta zerbitzu publiko indartsuak sustatzearen garrantziaz ere aritu dira. LABek koalizioari eskatu dio kaleko borroketako aldarrikapenen alde egiteko instituzioetan ere.

Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaia, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Unai Urruzuno legebiltzarkidea eseri dira mahaiaren alde batean, eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Edurne Larrañaga Gizarte Ekintzako idazkaria eta Dabid Lizarralde Eraketako idazkaria bestean.

Bileraren ondoren, Otegik adierazi du egungo egoerak «ezkerretik eta subiranismotik alternatiba bat osatzea» eskatzen duela. «Krisi ekonomiko eta sozial bat da hau, eta ezkerrak eta bloke subiranistak ardura berezia du krisi honi aurre egiteari begira», esan du. Eragileen arteko harremana estutu nahi dute. Koalizioa Ahal Dugu, ELA eta CCOOrekin ere batzartuko da, eta harremanetan da PSE-EErekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.