EH Bilduk «ate birakariak» legez debekatzea proposatu du

Koalizioak eragotzi egin nahi du goi kargu politikoetan daudenek «zuzenean jauzi» egitea enpresa handietako ardura karguetara. Salatu dute ate birakariak EAJk «urteetan eraiki duen sare klientelar handiaren pieza bat» direla.

Maddalen Iriarte legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 9a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du «ate birakariak» eragozteko. Hau da, lege bidez debekatu nahi dute «goi kargu politiko bat» izan dutenek «zuzenean jauzi» egitea enpresa handietako administrazio kontseiluetara, Maddalen Iriarte legebiltzarkideak azaldu duenez. Nabarmerndu du ez dela «fenomeno berria», eta «beti alderdi jakin batzuetakoek» egin izan dutela. «Ate birakariak EAJk urteetan zehar eraiki duen sare klientelar handiaren pieza bat dira», salatu dute. Fenomeno horren ondorioz botere politikoa «botere ekonomikoaren menpe» geratzen dela ere nabarmendu dute.

Lege proposamena, zehazki, bi neurritan oinarrituko da. Batetik, gaur egun martxan dagoen Etika Batzordea—kargudun politikoz osatzen da, eta Jaurlaritzaren menpe dago— Etika Kodearekin eta Gobernu Onerako Organo Independentearekin ordezkatzea proposatu du koalizioak. Organo hori ez litzateke Jaurlaritzaren menpe egongo, eta funtzionarioek osatuko lukete: «Independentzia osoz jardungo dute interes gatazkak atzeman eta ate birakariak galarazteko».

Horrez gain, beste oinarrizko neurri bat jasotzen du lege proposamenak: behin ardura politikoa utzita, kargudun politiko ohiek bi urtez itxaron beharko dute enpresen administrazio kontseiluetan sartu ahal izateko. Neurri horren helburua «influentziak erabiltzeari dagokionez muga jartzea» da, azaldu dutenez.

Nabarmendu dute proposamenak, kargudun publikoei aplikatu beharreko baldintzak zehazteaz gain, pertsona horiek kontratatu nahi izanez gero enpresa pribatuek bete beharreko baldintzak ere zehaztuko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.