EH Bilduk Bueni erantzun dio «arduradun politikoek» jaurtitzen dituztela pilotak

Sailburuorde ohiak esan du Cabacas hil bezain pronto dimisioa aurkeztu ziola Aresi baina ez ziola onartu

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Oso larritzat» jo ditu EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak herenegun Miguel Buen sailburuorde ohiak esandakoak. Iñigo Cabacas hil zela jakin bezain laster Rodolfo Ares sailburuari bere dimisioa aurkeztu ziola jakinarazi baitzuen Miguel Buenek, baina sailburuak ez ziola onartu. Dimisioa aurkezteko arrazoi nagusia «engainatuta» sentitu izana izan zen, Deustuko komisarian hasiera batean ez zutelako aitortu gomazko pilotak erabili zituztenik. EH Bilduren iritziz, adierazpen horien atzean «erantzukizuna soilik gomazko pilotak jaurti zituzten Ertzaintzako agenteengan zentratzeko intentzioa dago, argi eta garbi». Horregatik, zera jakinarazi diote: «Arduradun politikoek jaurtitzen dituzte gomazko pilotak».

Izan ere, Julen Arzuagak argi dauka «arduradun politikoak» direla gomazko piloten erabilerarako protokoloak ezartzen dituztenak eta aginduak ematen dituztenak, eta Buenen adierazpenekin agerian gelditzen dela Ertzaintzak bazekiela bere jardunak, baldintza haietan, arriskua zekarrela eta tragedia bat eragin zezakeela, «baina, hala eta guztiz ere, zer ondorio izan zitezkeen jakin arren, justifikaziorik gabe oldartzea erabaki zuen, eta hori dela-eta izan da hasieratik horren iluna ikerketa eta ezkutatu da informazioa». Eta horren adierazgarri da, Arzuagaren ustez, Buenek bere dimisioa aurkeztu izana «engainatuta» sentitu zelako.

Buenek, eta Varelak ere bai

Miguel Buen sailburuorde ohiak ETB2ko Sin ir más lejos saioan egin zituen adierazpenok herenegun. Iñigo Cabacasen familiak Miguel Buen, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendari ohia eta berrogei ertzain inputatzeko eskatu duela jakin berritan. Bere dimisio eskaeraren ingurukoak azaltzeaz gain, Varelak berak ere Ares sailburuari dimisioa aurkeztu ziola jakinarazi zuen Buenek, baina argitu du gerora Aresek ez ziela onartu dimisioa, «erantzukizun politiko guztia bere gain hartzeko prest agertu zelako».

Gertaeren azalpen kronologikoa egin du Buenek. 2012ko apirilaren 5ean, Cabacas zauritu zuten gauean, informazioa eskatu zuten sailburuorde ohiak eta Ertzaintzako zuzendari ohiak. Hasieratik gomazko pilotakada batengatik izan zela zabaldu zen arren, eurei esan ei zieten ez zutela gomazko pilotarik erabili. Are gehiago, hori horrela zela esanez prentsa ohar bat argitara ematekotan ere izan omen ziren. Apirilaren 7an, larunbatean, Deustuko komisarian aitortu zuten gomazko pilotak erabili zirela eta horietako batek jo zuela Cabacas. Hilaren 9an hil zen Cabacas, astelehenean, eta asteartean aurkeztu zuten dimisioa Buenek eta Varelak, «babesik gabe» sentitu zirelako tamaina hartako «tragedia» kudeatzeko garaian. Hala ere, Buenek argi utzi nahi izan du berak, Varelak eta Aresek ez zutela «batere erantzukizunik» izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.