Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EH Bilduk dio ez dela hauteskundeez hitz egiteko garaia

Jarrera hori eramango du ostegunean Urkullu lehendakariak antolatutako bilerara.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JON URBE - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 27a
14:06
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik esan du ez dagoela «baldintza demokratikorik, ezta osasun arlokorik ere» uztailean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko, eta hala jakinaraziko diola Iñigo Urkullu lehendakariari, horretaz eztabaidatzeko alderdi politikoekin ostegunean egingo den bileran. «Ez da hauteskundeez hitz egiteko garaia, orain herritarren lehentasunak beste batzuk direlako», erantsi du.

EH Bilduren Mahai Politikoaren bileraren ostean egin ditu Otegik adierazpenok, agerraldi telematiko batean. Otegik esan duenez, orain eztabaidatu beharreko gaiak beste batzuk dira: «Orain hitz egin behar da osasungintzako arazoari buru egiteaz, [koronabirusaren] probez, herritarrak, dendariak, enpresa txikiak, langileak eta familiak babestuko dituzten neurriak hartzeaz, eta krisia hasi zenetik pairatzen ari garen anormaltasun demokratikoaz», azaldu du.

Azken horri dagokionez, Otegik esan du Jaurlaritza «gutxiengoan» dagoela, baina «gehiengo osoa balu bezala» jokatzen ari dela. «Horrek konponbide erraza du, baina borondate politikoa behar da», azaldu du.

«Krisi larri honen aurrean ezin da bakarka gobernatu, norbere sokakoekin, beste inorekin ezer kontrastatu gabe», esan du Otegik, eta berretsi du EH Bilduk egindako proposamena: gune bat irekitzea «neurriak eztabaidatu eta adostu ahal izateko» alderdi politiko, sindikatu eta enpresaburuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.