Euskal presoak

EH Bilduk ere eskatu du euskal preso eriak eta 70 urtetik gorakoak askatzeko

Ezkerreko talde subiranistak dio legean jasota dagoela preso horiek aske uztea. Haren arabera, koronabirusaren krisia «eragin handia» izaten ari da espetxeetan.

Sare-k deitutako manifestazio bat, iazko azaroan, Gasteizen. JUANAN RUIZ, FOKU
2020ko martxoaren 21a
14:42
Entzun

Koronabirusaren krisiagatik duela egun batzuk Etxerat elkarteak eta Sare herritar plataformak bezala, EH Bilduk eta Sare herritar plataformak eskatu dute aske utz ditzatela gaixorik dauden euskal presoak eta 70 urtetik gorakoak. EH Bilduren esanetan, presoek kartzelan baino baldintza hobeetan egon beharra dute. «Legeak pertsona horien kaleratzea aurrikusten du. Testuinguru honetan, guztiz lehentasunezkoa da haien askatasuna, kartzelak baino egoera osasuntsuagoa duten etxeetan egon daitezen —haienean—, profilaxi eta zaintza baldintza egokietan egon daitezen».

Ezkerreko talde subiranistak dio COVID-19a «eragin handia» izaten ari dela presoengan. «Baimenak galtzen ari dira, moduluetan konfinatuak izaten ari dira, senideekin komunikaziorik gabe daude, eta gaixotasuna kartzeletan barreiatzeko arriskupean daude. Inork ez du ukatzen kartzelako higiene egoera eta osasun baliabideak oso urriak direla». Kutsatzea saihesteko eskubideak «murrizten dituzten neurriez gain, «neurri alternatiboak» eskatu dizkio Espainiako Espetxeetako Erakundeari. Batetik, aipatutako preso horiek askatzea galdegin du; bestetik, EH Bilduren iritziz, «salbuespen egoera honek ezin du ahalbidetu kaleratze datak luzatzea, irteera baimenak bertan behera uztea eta presoen ibilbide penitentziarioak oztopatzea».

EH Bilduk uste du neurri horiek lagungarriak izan daitezkeela kartzeletan birusa ez hedatzeko, «baita espetxetako osasun baliabide urriak eta tentsioa arintzeko ere», presoen errotze familiar eta soziala indartzearekin batera.

Etxerat-ek joan den urtarrilaren 8an jakinarazi zuen hemeretzi euskal preso eri daudela.

Prentsa idatzia jaso gabe

Koronabirusa dela-eta Espainiako Correos-ek hartutako neurriengatik, presoek ez dute prentsa idatzia jasoko. Eskutitzak baino ez dituzte jasoko. Etxerat-ek dio #idatzipresoei kanpaina bultzatzen jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.