Koronabirusaren krisiak zuzenean eragin diezaieke apirilaren 5erako deituak dituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei. Gaur, arratsaldean urgentziaz eman duen prentsaurreko batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorrak esan du ezin daitekeela «inolako neurririk baztertu». Azaldu du zenbait adituk esana dutela krisiak handitzen jarraituko dutela garai horretara arte: «Apirilaren 3an jo behar baldin badu goia, hauteskunde kanpaina bat egin behar dugu? Hauteskunde egunean, zein joango da mahaietara?».
Otegiren esanetan, koronabirusaren krisia «arazo nazionala» da, eta alderdiak «borondate osoa» dauka irtenbidearen bila lanean aritzeko. «Arazo sozial larria bilakatzen ari da. Salatu izan dute instituzioek nola egin dioten aurre, baina uste dugu ez dela erantzukizunak eskatzeko unea; iritsiko da hori. Orain, lehentasuna da koronabirusaren transmisioa etetea», esan du. «Ez da lehiarako garaia, elkarrekin lan egitekoa baizik».
Nabarmendu du «salbuespen egoera» bat dela, eta eskatu du koordinazio mahai zabal bat eratzeko, aztertzeko zer egin Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Adierazi du krisiak agerian utzi duela «gobernantza berriak» behar direla egungo arazoei aurre egiteko. «Ezin dugu utzi zama betikoen gain gera dadin; gehiago daukatenek gehiago jarri behar dute».
Otegik esker ona adierazi die Osakidetzan eta Osasunbidean «lehen lerroan» ari diren langileei.