Espainiako Konstituzioaren 41. urteurrenean, ehunka pertsona elkartu dira Bilbon «Euskal Errepublika» aldarrikatzeko, EH Bilduk deitutako manifestazioan. Jesusen Bihotza plazatik hasita, mezu argia zeraman pankartarekin egin dute bidea: Euskal Errepublika!. Zazpiak Bat armarriarekin apaindu dute. Jendeak ikurrinak eta puxika berdeak eraman ditu aldean, eta esteladaren bat ere astindu dute. Independentziaren eta euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuak bota dituzte bidean.
Emakumeek hartu dute pankarta, EH Bilduko andrazko hautetsiek. Han izan dira, besteak beste, Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta Espainiako Kongresuko diputatuak, Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Jone Goirizelaia zinegotzia.
#EuskalErrepublika aldarrikatzeko manifestazioan, soilik emakumeek hartu dute pankarta: @ehbildu-ko andrazko hautetsiek abiatu dute martxa, txalo artean. @berriapic.twitter.com/WNWgrwjyCh
— Maite Asensio Lozano (@MAsensioLozano) December 6, 2019
Irrintziak eta aldarriak ozenago oihukatu dituzte Moiara hurbildu ahala, han egin baitute amaiera ekitaldia. Espainiako Gobernu Zibilaren egoitzaren aurrean elkartu dira, «Alde hemendik, utzi bakean!» aldarri artean. Agirrek hartu du hitza ekitaldian: «Zergatik gura dudan euskal errepublika? Gura dudalako. Ni euskalduna naiz, ez espainola!». Erantsi du «aurrera egiteko» behar dela errepublika: «Gure jendea zaintzeko, Altsasukoak Altsasun egoteko, eta presoak etxeratzeko».
Aizpuruak gogora ekarri du independentismoa sendo dagoela Espainiako Kongresuan: «29 diputatu gara: gehiago eta indartsuago. Eta elkar hartuta arituko gara». Nabarmendu du «demokratizaziorantz» jo beharra dagoela: «Gu gara berme bakarra». Halere, adierazi du «partida» ez dela «soilik Madrilen jokatzen», Euskal Herrian dagoela jokoan. «Baina joan behar den lekura joango gara, autodeterminazioaren alde, presoen alde, eta gure eskubide sozial eta ekonomikoen alde».
Moiua plazan elkartutako ehunka lagunek Txoria txori kantatu dute, euskal errepublikaren aldeko ekitaldiari amaiera emateko.
Sorturen aldarrikapena
Sortuk ere Bilbon protesta eta aldarrikapen ekitaldi bat egin du. «1978ko erregimena eta bere konstituzioa herrien eta pertsonen kartzela dira», salatu du. «Autodeterminazio eskubidea eta askatasuna aldarrikatu ditugu».
78ko erregimena eta bere konstituzioa herrien eta pertsonen kartzela dira. Autodeterminazio eskubidea eta askatasuna aldarrikatu ditugu#GoraHerriapic.twitter.com/UQ90FVIF2v
— SORTU #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) December 6, 2019
EAJk lurralde auzia konpontzeko eskatu du
Aitor Esteban EAJren diputatuak Bilbon emandako prentsaurreko batean esan du «agerikoa» dela Espainiako estatu ereduak «porrot» egin duela. «Premiazkoa da Euskadi eta Kataluniako lurralde auzia konpontzea".
📹 @AITOR_ESTEBAN: "Agerikoa da Estatu ereduak porrot egin duela, premiazkoa da #Euskadi eta #Katalunia-ko lurralde auzia konpontzea". pic.twitter.com/Sj6YGfsoUA
— EAJ-PNV (@eajpnv) December 6, 2019
Jarkiren manifestazioa, Durangon
Bere lehendabiziko ekinbide publikoa egin du Jarki antolakunde politiko berriak, Durangon (Bizkaia) manifestazio bat antolatuta, Euskal Herri langileak apurketa! lelopean. Espainiako Konstituzioaren «ukazioa eta inposaketa» salatu ditu. Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortzeko herritarren mobilizaziora deitu du Jarkik.