«Borroka ideologikoa» egiteko sortu dute Jarki

«Herri langilearen alternatiba» eraiki nahi du antolakunde independentista eta sozialistak. Esan du ez dela ezker abertzalearen parte eta disidentzia

Jarki antolakundeak abenduaren 6an Durangorako deitutako manifestazioaren kartelak, Lezon. BERRIA.
enekoitz esnaola
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dagoen «gabezia politikoa» dela eta, Jarki antolakunde «iraultzailea» sortu dute, «borroka ideologikorako», eta abenduaren 6an izango da haren lehen ekinbide publikoa: manifestazio bat, Durangon (Bizkaia), 18:00etan Landakotik abiatuta, Euskal Herri langileak apurketa! lelopean; Espainiako Konstituzioaren egunean, itunaren «ukazioa eta inposaketa» salatuko dituzte. Dena dela, antolakundeko ordezkariek BERRIAri adierazi diotenez, 2017ko martxoaren 18an eratu zuten Jarki. Aurtengo udan kartel batzuk ipini dituzte, eta Gudari Egunaren inguruan «lanketa politikoa» eta ekitaldi pribatu bat egin zituzten, baina nahiago izan dute orain agertzea plazara, Jarkiren berri «modu argiago batean» emateko asmoz.

Antolakunde independentista eta sozialistatzat dauka bere burua Jarkik, eta argitu du ez duela zerikusirik ezker abertzalearekin eta beste entitate berri batzuekin (AEM, Herritar Batasuna, GKS); halaber, zehaztu du ez dela ezker abertzalearen disidentzia. «Ezker abertzaleak proiektu politiko bat du, eta zilegi da; haren izenari eta ondareari ere ez diegu zilegitasunik ukatzen. Jarki ez da ezker abertzalearen parte, eta, beraz, ez gara tematuko hura berreraikitzen. Guk geure ildoa dugu, herri langilearen interesei erantzungo dien alternatiba eraikitzeko».

Konfrontatu; kale erasorik ez

Jarkiko ordezkariek diote «borrokan segitzeko estrategia eta tresna berriak» behar direla Euskal Herrian 60 urteko fase politiko bat itxi ondoren. Nabarmendu dute borroka ideologikoa egiteko eratu dutela antolakundea, eta «konfrontazioa parametro horietan» egingo dutela. «Estatuaren hegemonia higatzen saiatzea da konfrontazioa, eta Jarkik horretara bideratuko du bere jarduera. Behin hori esanda, batzuen galdera bada ea Jarkik kale erasoak egingo dituen, erantzuna ezezkoa da. Gure estrategia herri eraikuntzara bideratuta egongo da».

Antolakundearen sorrera garaian, oinarri ideologikoak, estrategia eta antolaketa eredua finkatu zituzten, eta bi urte hauetan «apurka-apurka egituratuz» joan dira, haren ordezkariek BERRIAri azaldu diotenez. «Euskal Herriko zazpi herrialdeak bilduko dituen estatu independente eta sozialistaren eraikuntza; Euskal Herriko klase gatazka gainditzea eta produkzio baliabideen sozializazioa; emakumezko langileen zapalkuntza gainditzea; Euskal Herri berbatua; eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea» dira Jarkiren helburu estrategikoak.

«Hitzetatik harago, ekintza» izango du «praktika politikoaren ardatz nagusietako bat», aitortu dutenez. «Herri aktibazioa sustatu nahi dugu. Estatuak urteetan biolentziaren inguruan kokatu du eztabaida politikoa, eta hor oso eroso dago. Katalunian ikusten den moduan, estatuari beldurra ematen diona ez da indarkeria, baizik eta herri aktibazioa, mobilizazioa eta antolaketa». Euskal Herrian «mantsotuta» ikusten dute mobilizazioa. «Gehiago bizi gara Katalunian gertatzen ari denari begira». Herrialde Katalanetako Endavant antolakundearen lana goraipatu dute.

Antolaketa eredu ezohikoa

Euskal Herriko antolakunde bat da Jarki, baina egun «gehienbat» Hegoaldeko lau lurraldeetan dago «errotuta». Alegala izango da. «Ez dugu Espainiak eta Frantziak ezarritako marko juridikoa eta estatala onartzen». Ez du webgunerik, ez sare sozialetan konturik eta ez bozeramaile publikorik. «Euskal Herrian politika egiteko era oso lotuta dago hedabideetara eta itxurara. Ez dugu beste txanpiñoi bat izan nahi. Politika egiteko beste era bat jorratuko dugu, udalerrietan eta auzoetan lan eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.